GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hezkuntzarako hizkuntza politika berria eskaini du ezker abertzaleak

Euskal Herria euskalduntzeko hezkuntza sistemen porrota egiaztatuta, ezker abertzaleak hezkuntzarako hizkuntza politika berria aurkeztu du. Xedea «euskarak bizi duen egoera minorizatuan ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea» da. Bi baldintza behar dira: «Herritarren konpromiso zibiko eta politikoaren bultzada eta Euskal Estatuaren indar derrigortzaile demokratikoa».

p024_f03.jpg

Maider EIZMENDI |

Ezker abertzaleak hezkuntzarako hizkuntza politika berria eskaini zuen atzo Donostian egindako agerraldian eta «larrialdi deia» egin zion hezkuntza komunitateari, euskal herritarrei eta Euskal Herriari, proposamena aztertu, hausnartu eta bultza dezan.

Estatu espainolak eta frantsesak Euskal Herriari «derrigorrezko eskolen bidez euren hizkuntzak inposatu» dizkiotela kritikatu ostean eta «Euskal Herria euskalduntzeko hezkuntza sistemen porrota egiaztatuta», proposamen berri bat jarri du mahai gainean. Alternatiba horren helburua «euskarak bizi duen egoera minorizatuan ikasle euskaldun eleaniztunak sortzea» dela azaldu zuten. Bide horretan, besteren artean, euskara Euskal Herriaren nazio hizkuntza dela, hizkuntza eskubideen subjektua Euskal Herriko komunitatea dela, Euskal Herriko jendarte osoak euskara ikasteko eta erabiltzeko eskubidea duela eta hezkuntza sistemak eskubide horiek eraginkor bihurtu behar dituela oinarria izan behar dute.

Horren harira, irizpide nagusi gisa jo zituzten, besteak beste, «euskara eta euskal kultura ardatz izatea, Euskal Curriculuma aplikatzea eta garatzea eta eleaniztasunari beharrezko arreta eskaintzea». Irizpide horiek finkatuta, alternatibaren lau ardatzak zehaztu zituzten: euskara hizkuntza gutxitua dela kontuan hartuta, euskarazko murgiltze osoko edo mantentze sistemaz baliatzea; euskaldun elebidunak sortzea lehenik, ondoren euskaldun eleaniztunak lortzeko; Euskal Herrirako proposamen bakarra izatea, tokian tokiko garapena eginez eta eskolaren lan kritikoan oinarrituz; eta azkenik, erakunde publikoek borondatea eta konpromiso politikoa izatea.

Bestalde, oinarrizko neurri jo zituzten ondorengoak: hizkuntza politika integrala, euskaren ofizialtasuna eta hizkuntza eskubideak eraginkor bihurtuko dituen eta hizkuntza integrazioa eta hizkuntzen arteko desorekak orekatuko dituen hezkuntzarako hizkuntza politika. Baita euskaldun eleaniztunak formatzeko helburu neurgarriak zehaztea.

Agerraldian parte hartu zuten ezker abertzaleko kideek esandakoaren arabera, osatutako alternatiba erreala eta gauzagarria da. «Euskal Herriak eskubideak ez ezik, betebeharrak ere baditu, egungo egoera minorizatutik abiatuta Euskal Herri euskalduna berreskuratzeko», adierazi zuten.

Euskalduntasunaren garapen iraunkorra bermatzeko, ordea, Euskal Herriak herri eskubideen aitortza eta gauzapena oinarri izango duen aldaketa politikoa eta Euskal estatua sortzeko marko demokratikoa behar duela adierazi zuten. Euren ustez, izan ere, Euskal Herria euskalduntzeko bi baldintza behar dira: «herritarren konpromiso politikoa eta Euskal estatuaren indar derrigortzaile demokratikoa».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo