GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Nolako asmakizuna, halako akabera

XXI. mendearen hastapenetako kontzeptu politiko ergelenetakoa bezala geratuko da historia liburuetan «Gaizkiaren Ardatza» (The Axis of Evil). Apustu egingo nuke Ekialde Hurbilean zortzi urte hauetan barreiatu den anabasa argitzerakoan baino ez dela aintzakotzat hartuko. Txarrerako, alegia: nork bere propaganda asmakizunak irizpidetzat hartuta jokatzeak erakar ditzakeen hondamendien adibide moduan.

2002ko urtarrilaren 29an, Batasunaren Egoerari buruzko Mezuan aldarrikatu zuen urbi et orbi Bushek ditxosozko ardatzaren teoria. Eta zehaztu zuen zeintzuk osatzen zuten: Irak, Iran eta Ipar Korea. Baita haien «ordezkoak» ere, baten batek kale egiten bazuen edo: Kuba, Libia eta Siria. Pearl Harborreko erasoaren 60. urteurreneko haizeek ekarritako zelofan propagandistiko merkea baino ez zen asmakizunezko ardatz hura, noski. Irailaren 11ko shockaren ondoren oldartuta zebiltzan AEBek «etsai egokitzat» hartu nahi zituzten herrialde koskorren sorta nahasi bat... Irailaren 11ko erasoekin ez eta AEBen benetako etsai eta arrisku estrategikoekin inolako zerikusirik ez zuena.

Baina egun hartan entzule zituen senatari eta kongresu-kideek, eta nazioarteko harremanen hausnartzaile «burutsu» batzuek ere, txalotu egin zioten Bushi ergelkeria. Zortzi urte hauetan Etxe Zuriaren jabe izan den kamarilla fanatiko erasokorrak ateraldi haren ildoan norainoko hondamendiak eragin zitzakeen zuzenean ikusi behar izan dute batzuek teoria haren faltsutasunaz eta arriskuaz jabetzeko. Lotsaz, agian.

Ez dakit zer pentsatuko zuten halakoek iragan ostiralean Ipar Korean Yongbyoneko Zientzia Ikerketa Nuklearreko Zentroko hozte dorrea dinamitaz erauzten ikusi zutenean; ardatz eta gurpilei buruzko gogoetetan murgilduko ziren, agian. Niri Jackie Chan aktorearen pelikulak etorri zitzaizkidan burura, errealitatearekiko zerikusi bertsua zutelako irudi haiek eta, noski, beti zintzoek irabazten dutelako.

Show business mailan egin dena (erauzketaren irudia eskaintzen dio Etxe Zuriak bere iritzi publikoari, Ipar Korea gaizkiaren ardatzetik ezabatzearen truke; eta, beronek, alderantziz) eta Txinako Kanpo Arazoetako ministrordeak auzian jokatu duen paper erabakigarria kontuan izanda, ez ninduke harrituko gainera, Chan bera, edo bere gidoigileetakoren bat, izatea «gaizkiaren ardatza desagerrarazteko» operazio honen diseinatzailea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo