GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Trontza Euskal Herriko Txapelketa

Esnaola anaiek ez dute hutsik egin lehen ekinaldian

Legorretakoak jaun eta jabe izan ziren Usurbilen jokatu zen kanporaketan

p040_f01_111x111.jpg

Jon LEUNDA | USURBIL

Esnaola anaiek ez zuten hutsik egin, eta haiek irabazi zuten atzo Usurbilen jokatu zen Euskal Herriko Txapelketako kanporaketa. Legorretakoekin batera, Rezabal-Roteta, Barberena anaiak, Intxaurbe-Olibares, Zubiaga-Olabarria eta Larrañaga-Salegi sailkatu ziren irailaren 28an Aizarnazabalen jokatuko den finalerako.

Hamasei biko neurtu ziren atzo arratsaldean Usurbilen, eta bakoitzak 10 epai etzanda eta bost zutik eman behar izan zizkien 45 ontzako enbor bati. Lehia Esnaolatarren eta Barberenatarren artean iragartzen zen, baina bien tartean Rezabal eta Roteta sartu ziren, amaieran haiek ere kontutan hartu beharko direla erakutsiz. Atzo finalean sartu ez zirenek, Bigarren Mailako finala jokatuko dute Baliarrainen abuztuaren 15ean.

Atzoko neurketan, Esnaola anaiak jaun eta jabe izan ziren, alde nabarmena kendu baitzien gainerakoei. Hala ere, atzoko helburua finalean sartzea zen. Irabaztea beti izaten da atsegina, baina estraineko seitan sartzea zen lehen nahia. Barberenatarrek, gainera, bihar bertan izango dute Iruñean Nafarroako txapelketako finala.

Araba

Araban berriz, herrialdeko lau txapelketa erabaki ziren atzo. Goizean, Rivabellosan jokatu zen gizonezkoen lokotx-biltze Txapelketan Alberto Ibañezek jantzi zuen txapela. Egin beharreko lanak egiten, 6 minutu eta 38 segundo behar izan zituen.

Arratsaldean, berriz, Araian beste hiru txapel geratu ziren erabakita. Gizonezkoetan Eduardo Fernandez de Retanak irabazi zuen lasto-botatze Txapelketa. 5.30 gainditu zuen, baina baita Juan Carlos Lopezek ere. Azken honek, ordea, hutsegite gehiago egin zituen, eta Fernandez de Retanak jantzi zuen txapela. Bai batak bai besteak apurtu zuten Arabako marka bi alditan.

Ingude-altxatzen, berriz, Juan Carlos Lopezek irabazi zuen. Velez de Medizabalekin berdindu egin zuen, 79na jasoaldi emanda, baina kitarakoa aldiz Lopezek irabazi zuen jasoaldi baten aldearekin. Emakumezkoen txinga Txapelketaren kasuan, Nikola Gulovak bereganatu zuen, 6 plaza, 1/4 eta 1,90 metro eginda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo