GARA > Idatzia > > Mundua

Ekonomia ahula indartzeko 1.200 milioi euro agindu dizkiote Kosovori

Kosovoko ekonomia ahula indartzeko, 1.200 milioi euro agindu ditu diru-emaileen konferentziak. Ustelkeriari aurre egitea eta dirua «modu egokian» erabiltzea izango dira horretarako baldintzak. Hasim Thaçi lehen ministroarentzat, atzokoa egun historikoa izan zen.

GARA |

Independentzia aldarrikatu eta bost hilabetera, Kosovorako diru-emaileen nazioarteko konferentziak 1.200 milioi euro agindu zizkion atzo Kosovori bertako ekonomia ahula sustatzeko, Olli Rehnek, Europar Batasunaren zabalkuntzarako arduradunak, iragarri zuenez. Horretarako baldintza gisa ezarri zuten, ustelkeria murrizteko neurriak hartzea.

«Helburua biztanle ororen bizi baldintzak hobetzea eta haien benetako beharrei erantzutea da», adierazi zuen. Ekonomiaren hazkundea posible egiteko, eta inbestitzea nahiz lan eskaintza bermatzeko baldintzak sortu behar direla nabarmendu zuen. Izan ere, Kosovo Europako lurralde behartsuenetarikoa da.

Arestian aipaturiko zenbatekoa bikoiztea da Rehnen xedea. «500 milioi ematean, EBk Kosovorekiko duen konpromisoa azaldu du. Herrialde horren etorkizunaren ardura Europa osoari dagokio», plazaratu zuen.

Rehnek ohar bat ere egin zien Kosovoko agintariei. «Emaileek dirua esku onetan egotea, eta modu egokian erabiltzea nahi dute. Hori horrela izan dadin erne egongo dira», nabarmendu zuen. Dena den, agintariengan «konfiantza» duela esan zuen.

Langabezia handia

Kosovoko lehen ministro Hasim Thaçik konferentzia «izugarrizko arrakasta» izan dela adierazi zuen. Bere aburuz, Kosovoren historian «atal berri baten» hasiera da. Gobernuak Zuzenbide Estatuaren eta etnia guztien alde, serbiarrak barne, jarduteko konpromisoa hartu duela gaineratu zuen.

Delituei eta ustelkeriari aurre egingo diotela ere agindu zuen. «Ez ditugu inolaz ere onartuko. Dirua ez da galduko ezta esku desegokietara joango ere. Modu ezin hobean erabiliko dugu. Gure hitza duzue», berretsi zuen.

Baliabideak eskuratzeko «zailtasun handiak» dituztela onartuta, nazioarteko laguntzaren beharra dutela gaineratu zuen.

Munduko Bankuaren arabera, langabezia %40koa da. Bi milioi biztanle inguru ditu eta horietatik %37 txirotasunaren atalasean bizi da, egunean 1,5 euro baino gutxiagorekin.

Kosovok, guda 1999an bukatu zenetik, 3.500 milioi euro jaso dituela gogoratu zuen Rehnek. «Kosovoko ekonomiaren garapena, hala ere, inguruko herrialdeena baino mantsoagoa da».

Peter Feith Kosovorako EBren kontalari bereziak ohartarazi zuenez, «dirulaguntza beharko du urtetan», eta hiru dira lehentasunak, haren hitzetan: «Zuzenbide Estatua indartzea, deszentralizazioa bultzatzea komunitate serbiarraren mesedean, eta segurtasunaren erreforma, NATOren laguntzarekin.

belgradori begira

Gobernu kosovarra Belgradoko agintari berriekin elkarlanean aritzeko prest dagoela esan zuen Thaçi lehen ministroak. «Talde etniko guztien alde» lan egiteko konpromisoa ere berretsi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo