GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Lau gizon atxilotu dituzte indarkeria sexista egotzita

Bi gizon atxilotu ditu Ertzaintzak asteburuan Donostian indarkeria sexista egotzita; bikotekidea jotzeagatik bata, eta igogailu batean neska gazte bati borondatez kontrako ukitzeak egiteagatik bestea. Bilbon, berriz, beste bi gizon atxilotu ditu Udaltzaingoak emakumeen aurkako erasoengatik, kalean bertan bikotekidea jipoitzeagatik hain zuzen.

GARA |

33 urteko gizon bat, G.V.P, atxilotu dute Donostian genero indarkeria egotzita. Lakuako Barne Sailak adierazi duenez, ustezko erasotzaileak bere bikotekidea jo zuen adin txikiko bi seme aurrean zirela. Argitu duenez, erasoa igande arratsaldeko 15.30ean gertatu zen Donostiako etxebizitza batean. Donostiako Loiola auzoan, atari batean, bikotekideak eraso egindako emakume bat zegoela ohartarazi zuten Ertzaintza. Emakumearen esanetan, bikotea eztabaidan ari zela gizonak jo zuen eta lurrera botatzera ere iritsi zen.

Emakumea osasun zentro batera eraman behar izan zuten begian urratu bat eta gorputzean hainbat ubeldura zituelako. Gainera, erasoaren unean adin txikiko bi semeak aurrean zeuden, emakumeak azaldu zuenez. Ertzaintzak bikotearen etxean aurkitu zuen gizona, eta honek gertatutakoa onartu ondoren identifikatu eta atxilotu egin zuen. Antza denez, gizonak aurrekariak ditu, 2005ean beste emakume bat erasotzeagatik. Ertzaintzak atxilotua epailearen esku utzi du.

Horrez gain, 22 urteko mutil bat atxilotu zuen igandean Donostian Ertzaintzak, sexu gehiegikeria egotzita; hain zuzen, eraikin bateko igogailuan neska bati sexu ukitzeak egitea egotzi diote.

Goizeko hamaikak aldera Ertzaintzak dei bat jaso zuen neska bati egindako ustezko sexu abusu bat salatuz, Donostiako erdiguneko kale bateko etxebizitza batean. Gaztea bizilagunek atxiki zuten eta Ertzaintza iritsi eta atxilotu egin zuen. Neska gazteak azaldu zuenez, igogailuan mutilarekin batera sartu zen eta irtetera zihoanean hark besotik heldu eta berriro barrura sartzera derrigortu zuen. Bertan, hainbat ukitu egiten hasi zitzaion gaztea, neska oihuka hasi zen eta hainbat bizilagunek lagundu zioten.

Beste bi atxilotu Bilbon

Bestealde, joan den larunbatean, 33 urteko gizon bat atxilotu zuen Bilbon Udaltzaingoak Cosme Etxebarrieta kalean, bertan bikotekideari kolpeak eta muturrekoak emateagatik, prentsa agiri baten bidez Bilboko Segurtasun Zerbitzukoek adierazi dutenez. Emakumeak horrelako erasoak sufritzen dituen lehendabiziko aldia ez zela salatu zuen, beste behin ere kolpez matrailezurra hautsi ziola eta hilko zuela mehatxu zuela jakinarazi zuen.

Bestetik, atzo bertan, Udaltzaingoak Bilboko Botika Zahar inguruan 21 urteko bikotekideari zaplastakoak ematen ari zitzaion beste gizon bat atxilotu zuen.

IGOGAILU BATEAN

Neska gaztea igogailutik irtetera zihoanean, mutilak besotik heldu eta berriro barrura sartzera derrigortu zuen. Bertan, sexu ukitzeak egin zizkion eta neska oihuka hasi zen laguntza eske.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo