GARA > Idatzia > > Kultura

Inoiz baino ikusle gehiago, Jazzaldiak eskainitako ia ehun emanaldien lekuko

Donostia sei egunetan zehar musikaz blai jarri duen Jazzaldia 150.000 bat ikuslek gozatu dute; orain arteko markak hautsi dituen kopurua izanik -iaz baino 15.000 gehiago-, jaialdia «arrakasta itzela» izan dela azaldu zuen atzo Miguel Martin zuzendariak.

p040_f01_98x153.jpg

Odeia AIESTARAN | DONOSTIA

Iaz baino 15.000 ikusle eta gehiago gerturatu dira, guztira, igandera bitartean izan diren ia ehun kontzertuetara, Jazzaldiko zuzendari Miguel Martinek egindako prentsaurrekoan aurkeztu zuen balantzearen arabera. Galernak hondartzan egitekoak ziren hainbat kontzertu bertan behera uztera behartu bazuen ere, orokorrean «erabateko arrakasta» izan dela nabarmendu zuen.

Ikuspuntu artistikotik «letra lodi eta larriekin» adierazi beharreko izen batzuk aipatu zituen Martinek, hala nola: David Murray, Paolo Conte, Dianne Reeves, Steve Coleman, Ahmad Jamal (2008 Donostiako Jazzaldia Saria), Kenny Barron, Jean Luc Ponty eta Keith Jarrett. «Hamar puntutatik hamaika» lortu dituzten artista gisa definitu zituen Martinek.

Halaber, Kursaaleko Urumea terrazan kokatutako Frigo gunean Stefano Di Battista eta Doran, Stucky, Studer eta Tacuma musikariek egindako Jimi Hendrixen musikaren birmoldaketa azpimarratu zuen. Zurriolako hondartzak Agertoki Berdea hartu zuen, eta bertan «jarraitu beharreko bidea» markatu duten bi artistek «aipamen berezia» izan zuten atzo: Benjamin Biolay eta Kings of Convenience.

Izarretako bat izan da Liza Minelli, eta bere «bizitza eta agian heriotza ere» agertokian zeudela erakutsi zuen. Haren ikuskizuna zer-nolakoa izango zen garbi ez zegoen arren, «oihala ixtean artista erori egin zela ikusi genuen, berak duen guztia eman zuenaren seinale», gaineratu zuen Martinek.

Aurtengo berrikuntzetako bat «Gaubira» izan da, egunsentira arte irekita egon den egitasmoa, mota askotako jarduerak eskaintzeko, hala nola antzerkia, dantza (Lucia Lacarra Tokyo-ko Asami Maki Ballet-arekin, «Duke Ellington Ballet»a aurkezten Roland Petit-en koreografiarekin), edota breakdance saioa. Proposamenik «arriskutsu eta berriena» «Open Mike» izenekoa izan da, gau osoan irekita izan zuten mikrofonoa. Emaitza benetan aberatsa izan zen, Martinek adierazi bezala, «ekialdeko musikatik hasi, Brasilgo doinuetatik pasa eta rockeraino», estilo ezberdinek hartu baitzuten eremua, eta denek izan zuten tokia. Bestalde, atzo aurreratu zutenez, hainbat kontzertu abuztuaren 14tik aurrera La2 telebista katean emango dituzte.

Gogoetarako tartea

Era berean, Jazzaldiaren bideragarritasun ekonomikoaren gainean gogoeta egiteko unea dela adierazi zuen Miguel Martinek atzoko balorazioan. Doako kontzertuak hain ugariak diren jaialdi erraldoi bat egiteko orain arteko eredua egokiena ote den aztertu beharko da, beraz.

Bestalde, Martinek elkarrizketa batean esandakoak ere argitu zituen. Izan ere, aurrerantzean jazza beste musikei irekiagoa eta handiagoa izango den jaialdi baten barnean kokatzeko aukeraz hitz egin zuen orduan. Horren harira, argitu zuenez, «globo zunda» gisako bat aireratu zuen eta orain arte izandako erantzunak kontuan hartzekoak badira ere, esaldi batean laburbildu zuen gertatutako guztia: «Zerbait hondatuta ez badago, ez ezazu konpondu».

ARRAKASTA BERRIAK

Aurtengo jazzaldian berrikuntza izan diren «Bertsoa & Jazza» eta «Open Mike» egitasmoek izan duten arrakasta ikusirik, datozen urteetan ere antolatuko dituztela aurreratu zuen Miguel Martin jaialdiko zuzendariak.

IKA-MIKA

Jazzaldiko batzordearen barne eztabaida argitara eman ondoren, jaialdian jazzaz gain bestelako musika estiloak ere izatearen inguruan ika-mika sortu da eta Martinek blog-ean adierazi duenez, bere iritzia zein den ez du azalduko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo