GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Floren Aoiz www.elomendia.com

Miguelico de Aragón

Udara sasoi berezia izaten da, zeinean berri ergelenek izugarrizko isla izaten baitute. Garrantzia eman diote komunikabideek, adibidez, Zaragozan Miguel Sanzi eman dioten sariari, hau da, «defensor de Zaragoza» dominari. Bellochek, bai, garai batean Barne eta Justizia ministro izandakoak eman zion domina Miguel Sanzi, Aragoi eta Nafarroa zeinen lagun diren azpimarratu zen ekitaldian. Duela 200 urte herri bera izan zirela esan zuen Bellochek. Nafarroako historia ezagutzen duen edonork badaki Nafarroak ez ziela soilik Gaztelaren erasoei eutsi behar izan, Aragoikoak ere aintzat hartu behar direlako. Baina, erresuma independentearen aroa alde batera utzirik ere, espainiar historiografia nazionalistak «independentzia gerra» deitu duen horretaz badira bertsio ofizialetatik aldentzen diren kontakizunak. 2008. urtean, esan bezala, saria eman diote Sanzi, baina XIX. mendeko gerra hartan nafarren eta gainontzeko euskaldunen portaera salatu zuten behin baino gehiagotan espainiarrek. Esaten zuten, adibidez, euskaldunek ez zutela gerran sartu nahi izan. Hain zuzen ere, orain goraipatzen den ustezko elkartasun hura ez zela inon agertzen salatzen zuten.

Borboien aferei esker etorri ziren frantziar armadak. Inolako erresistentziarik gabe nagusitu ziren, eta klase gorenetako aunitz haiekin lerrokatu ziren. Hainbeste mitifikatu den gerra hartan, azkenean jendeak zitalki aritu zen frantziar armadari egin zion aurre, eta sari gisa, auzia ekarri zuen Borboietako bat itzuli zen tronura. Espainiar nazionalistek gerran gertatutakoa manipulatu eta espainiar nazioaren ikurra bilakatu dute. Beraz, Zaragozan frantziar soldaduen aurka zeuden nafarrak, espainiar nazionalista sutsuak ziren, espainiar nazioaren defendatzaileak. Hori da saldu nahi digutena, bederen, eta, espero zitekeen bezala, oso pozik agertu da Miguel Sanz jokoan sartzeko. UPNkoek ez dute arazorik historia irauliz edozer argudiatzeko, jakina denez.

Eta, badakizue zertaz hitz egin zuen Miguel Sanzek kazetariekin ekitaldia bukatu ondotik? Jakina: ETAri buruz! Finean, zergatik eman diote saria? Agustina Aragoikoaren antza duelako? Berak ere espainiar independentzia defendatzen duelako erasotzaileen aurrean, ikurrina jazartzen, adibidez?

Ez da harritzekoa Miguel Sanzi Espainian sariak ematea. Estatu arrazoiari esker da nafar gobernuko lehendakaria, finean!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo