GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Baionako Herriko Etxearen datuen arabera bestazale kopuruak behera egin du

Herritarrek, berriz ere, herriko karrikak okupatzea lortu dute aurtengo bestetan, eta inoiz baino gehiago kantua eta dantzak hedatu dira karriketan. Korso argitxuaren desfilea izan zen atzoko animazio nagusia.

p018_f02.jpg

Ainize BUTRON |

Herritarrek, berriz ere, karrikak okupatzea lortu dute aurtengo jaietan. Azken urteotan ez bezala, giro herrikoia hedatu da Baionan. Atzo eta aurreko egunetan, goizeko gaiteroen doinuak entzunda, herritarrak karrikaratu, eta kantua nagusitzen ikusi da ostatu, saltegi eta han eta hemenka jarriak ziren apairuetan. «Aspaldi ez nuela entzun kantatzen», zion David izeneko herritar batek. «Azken urteotan galtzen ikusi zen euskal giroa berreskuratu dela ematen du», jarraitu zuen.

Giro aldaketa Baionara hurbildu den bestazale kopuruaren jaustearekin lotu zuten herritarrek. «Harrigarria da, karriketan inongo arazorik gabe pasa gintezke», entzuten zen askoren ahoetan.

Uste horiek Herriko Etxeak zabaldutako datuekin bat egiten dute. Asteazken gauean eta ostegunean, aurreko urtean baino %15 eta %20 pertsona gutxiago zenbatu dituzte, izan ere. Eta, asteburua izan arren, datu horiek konfirmatu egin ziren atzo eta ostiral gauean.

«Ez ahantzi, Baionako jaiak lehenik eta behin familiz gozatzen den besta bat dela», zion herriko balkoiean eguerdiro Leon erregea iratzartzea animatzen duen esatariak. Eta, horrela gertatu da azken lau egunotan. Karrikak atzo ere haurrek okupatu zituzten. Turutak eta konfetiak eskuan karrikak mila kolorez betetzen aritu ziren au- rreko egunetan bezala. Horrela, atzo bestak giro herrikoian murgiltzen jarraitu zuten. Goizeroko Leon erregearen kortearen desfilearekin dantza ikusgarriak, musika emanaldiak, Karrikaldia, behi lasterkaldia eta beste hainbat animazio ikusi zen han eta hemenka haur zein helduen gozamenerako. Baina, atzoko ekitaldirik nagusiena gaueko Korso argitxua izan zen.

Hamabi orga

Korso argitsua Baionako jaien animazioen artean zaharrena da. 1932an sortu zen, garaian egunaz egiten zen eta lorez beteriko orgak zabaltzen ziren herrian. Gerla ondoren, loreak argien bidez ordezkatuak izan ziren eta gaueko animazioa bi- lakatu zen. Geroztik urtero, argi eta kolorez beteriko hamar bat orga agertzen dira karriketan, eta hala gertatu zen, berriz ere, atzo gauean.

Hamaika ziren orotara, orgak, eta Santa Espiritu auzotik abiatu ondoren, txaranga eta gaiteroak lagun zituztela herriko etxe arteko zubiak zeharkatzen aritu ziren ordu betez bertan ikuskizuna preziatzeko hurbildu ziren milaka haur eta helduen begirada pean.

Kirola gai nagusi inposatua izan zitzaielarik, Baionako hamaika elkartek beraien burua aurkeztu zuten joan den urtarrilean Korsoan parte hartu ahal izateko. Lau hilabetez Santa Etienne auzoko eraikin batean aritu dira beraien orga eraikitzen, eta, lan luze eta neketsu horren emaitza atzo zabaldu zioten publikoari. Umorea nagusi zelarik, Pottoroak elkarteak «Estadioko jainkoak» deituriko orgaren bidez Aviron Bayonnais lekuko kirol taldea ohoretzea erabaki zuen, Peña Baionak, berriz, aitzin aroko surfa, eta, Euskaldun buruak elkarteak Catch dantzatua eskaini zuten.

Korsoa iragaten zen ordu berean, Sustraia musika taldearen doinuak zabaldu ziren Chaho Pelletier gunean.

Emakumeak

Atzoko goizeko Tanborradan emakumeak izan ziren nagusi. Urdin Neskak eta Orai Bat elkartea antolatua Santa-Espiritu auzotik Herriko Etxeko plaza arte ibili ziren xuri eta urdinez jantziak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo