GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Etxebizitza ipar Euskal Herrian

«Parisen ondotik, Lapurdiko kostaldea da gunerik garestiena Estatu frantsesean»

 
Jean-Marie ETXART
Etxaldea elkarteko eta HLM erakundeko kidea

Gaur egun Etxalde elkarteko kidea izateaz gain, HLM etxebizitza sozialen erakundeko kidea da. Garapen Kontseiluan etxebizitzari buruzko hausnarketa txostena finkatzen parte hartu zuen, eta gai honetan aditua da.

 

Gaur egun Ipar Euskal Herrian dagoenari krisia deitzen ahal zaio?

Beharbada krisi baten hasieran gaude. Ikusi behar da geroan zein izango den bilakaera. Krisi handi bat izan zen 90eko urteetan bereziki Hendaia eskualdean. Estatu espainolean atzerrian etxebizitzan inbertsioak egiteko baimena eman zuten. Hego Euskal Herriko eta Estatu espainoleko erosleen agerpena masiboa izan zen, eta prezioak %50eko gorakada izan zuten bi urtez. Gero, bat-batean, ez zuen nehork gehiago deus erosi, eta, garaiko erosle asko diru galera izugarriak izan zituzten. Oraingo honetan ikustekoa dago zein izango diren egungo egoeraren ondorioak. Oso zaila da esatea.

Uste duzu prezioek behera egingo dutela?

Beherakada izango da ziurrenik. Baina, ez da %5 eta %10a baino beherago joango, ez dut uste. Jakin behar da orain arte urtero prezioek %15eko gorakada izan dutela. Hori ez da horrela izango hemendik aitzina. Desazelerazio bat dago. Duela urte batzu hiru hilabetean saltzen ziren etxebizitzak, gaur egun, bi edo hiru urte behar dituzte saltzeko.

Han-hemenka entzuten da Lapurdi kostaldeko etxebizitzen eta lurren prezioa Nizaren heinekoa dela. Egia al da hori?

Egia izan daiteke. Parisen ondotik, Lapurdiko kostaldea Estatu frantseseko gunerik garestiena da. Etxebizitza sozialak metro kuadroko 2.500 euroan saltzen dira, eta sustatzaileek berriz, 5.000 euroan egiten dute.

Duela urte batzuk etxebizitzaren egoerari buruzko alerta zabaldu zen. Hainbat erakunde sortu dira horren ondorioz. Eta, orain zer ?

Hori galdera ona da. Baina, sortuak izan diren erakundeek puntu baikorrak ekarri dituzte. Herri txikiek, bereziki Lapurdiko barnealdekoek, etxebizitza eta lurraren gaia tratatzeko orduan beste ikuspegi bat daukate. Kontzientzia hartze bat izan da. Lurraren prezioa erregulatzeko beharra dagoela argi dute guztiek. Lehenago, lur bat eraikigarria jartzen zelarik merkatuaren esku uzten zen. Laboraria eta sustatzailearen arteko tratua zen. Orain argi dute arautu behar dela, eta nolabait sortuak izan diren PUL (Etxebizitzarako Urgentziazko Planoa) eta EPFL (Lurraren Erakunde Publikoa) irizpide horren eramaile bilakatu dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo