GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Disko Berriak Aritz Sound System

Folkaren bidegurutzeak

p042_f01_33x33.jpg

Europa ekialdeko herriak guztiz ezezagunak izan zaizkigu duela gutxira arte (eta neurri handian ezezagunak izaten jarraitzen dute), baita musika mailan ere. Zorionez, besteak beste sareak zabaldu dituen aukerei esker, geroz eta talde gehiago ezagutzeko aukera dugu. Aberastasun horrekin gozatzeko eta ikasteko aukeraz baliatu behar dugu. Warsaw Village Band Poloniako folk taldea da. 1997an Poloniako folk musikaren maitale sutsuak diren sei gazte elkartu eta, musika ikasketarik egin gabe, herriz herri abiatu ziren bertako adineko musikariekin egon eta instrumentu tradizionalak ikasteko asmoz. Era horretan Baraban danborra, dulcemele edo Poloniako biolina bezalako instrumentuak erabiltzen ikasi zuten. Hauetako batzuk Poloniako folkean soilik aurki daitezke. Bertako biolina, adibidez, XVI. mendeko instrumentua da eta azazkalekin jotzen da. Taldeko abeslariek ahots zuria izeneko teknika erabiltzen dute. Abesteko modu ozena da, artzainen garrasietan oinarritutakoa. Warsaw Village Band taldeak nekazaritza herrietako kutsua du, baina zentzumenak erne ditu kanpotik datorrena ikasi eta aberasteko asmoz. Taldeak 2005. urtean «Uprooting» izeneko diskoa kaleratu zuen eta oso kritika onak jaso zituen. Mundu osoko disko jartzaile eta ekoizleen eskariei jarraiki, disko horren kanten nahasketak jaso dituen diskoa da hau. Taldeak jarritako baldintza bakarra bertsioek jamaikar kutsua izatea izan zen, nekazaritza giroko dantzaldietatik sound systemetarako pausoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo