GARA > Idatzia > Kirolak > Beijin 2008

«Zaila da, baina ez zaio ezeri uko egin behar kirol honetan»

pj03_f02.jpg

Ander Elosegi

Piraguista

Euskal Herriak itsasoa edo ibaiari lotuta kirolari on askoak eman izan ditu. Ander Elosegi gaztea, 21 urte baino ez ditu, azkeneko harribitxia baizik ez da, nahiz eta ur bizietan egiten den piraguismoa gure artean ez den horren ezaguna. Dena dela, Santiagotarrak talde gipuzkoar honek asko borrokatu ondoren, ongi merezita lortu du Beijing-erako txartela.

Koldo AKORDARREMENTERIA |

C-1 mailako slalom proban gainditu beharreko aurkariak ez ziren nolanahikoak: Jon Erguin eta Jordi Sangra. Orain, gorantz begira beti, Beijingetik Elosegik «diploma olinpikoa» ekarri nahi luke gutxienez.

Sailkapen konplikatua izan zen zurea. Ekainaren erdiraino ez zegoen argi nor zihoan Beijing-era. Zer gertatu zen?

Hautatzeko irizpide batzuk daude. Denborarik onena duen atleta doa olinpiadetara. Baina badago klausula bat esaten duena lesioak gertatzen direnean kasua aztertu egin behar dela.

Kontua da bi atleta geundela Beijinera joateko aukerekin; Jon Erguin eta ni. Jon lesionatu egin zen, eta nik egin nuen denborarik onena. Bilera batzuk izan ziren eta ni eramatea erabaki zuten.

Nola bideratu duzu prestaketa?

Ekainaren bukaeran Espainiako txapelketa izan zen la Seu d´Urgell-en. 22an bukatu eta 24an Txinara joan ginen berriro beste hamar egun, bertako kanalean entrenatzeko. Gero handik itzuli, etxean lau egun egon ginen eta pre-mundiala egin genuen berriro Seun.

Ondoren, etxean bi asteko atsedena hartu, eta Beijing-era, egoerarik onenean egoteko.

Piraguismoa oso ohiko kirola da, baina ur-biziko piraguismoak zerikusi gutxi du lasaitasunez beteriko paseotxo horiekin?

Ur bizietako slalom-a oso kirol azkarra eta esplosiboa da. Ur-lasterretako kanal batetan ateak jartzen dituzte; ate berdeak eta gorriak. Ate berdeak korrontearen alde pasa behar dira, eta gorriak korrontearen kontra. Jaitsiera batek gutxi gorabehera minutu bat edo minutu eta erdi irauten ditu. Piraguistak ezin du zirkuitua probatu, kanpotik ikusi baino. Orduan erlojuaren aurkako froga bat da eta azkarren egiten duenak irabazten du. Dena den ezin da ahaztu penalizazioak ere badirela: atea ikutzea bi segunduko penalizazioa da, eta ate bat ez zeharkatzeak 50 segunduko penalizazioa dakar. Horiek dira arauak.

Zein da piraguistaren ezaugarririk garrantzitsuena?

Kirol honetan ez dago prototipo fisiko bat. Batzuk txikiak eta indartsuak dira, beste batzuk luzeak eta meheak... Nik uste garrantzitsuena fisikoki tonu onean egotea dela, eta, batez ere, maila tekniko ona izatea.

Entzungo zenituen kutsaduraren inguruko berriak... ze iritzi horren inguruan?

Pertsonalki ez dut oztopo larritzat jotzen. Gure kirolean minutu eta erdiko esfortzu bat egin behar da; hori oso denbora gutxi da kutsaduraren ondorioak sufritzeko.

Jokoetara joatea... gerta daitekeen gauzarik onena?

Bai. Hori da mailarik altuena daukan konpetizioa.

Zein paper eginda geratuko zinateke gustura?

Helburua diploma bat lortzea izango da. Eta bueno ahal bada domina bat ere bai... Ezin zaio ezeri uko egin. Beti daude faboritoak, baina beste kirolak baino askoz irekiagoa da hau. Zaila da, baina zorte pixka batekin emaitza bikainak lor litezke.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo