GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Asisko urmenetaren eta juanjo elordiren filma

Munduaren kontura irribarrea eragiteko

Animaziozko lehenbiziko film luzea ekoizten ari da Somuga, bertako jendearekin eta euskaraz. «Munduaren bira 80 egunean, doan» Julio Verneren klasikoaren parodia da, gaurko gizartearen ironia. GARA egile batzuekin mintzatu da.

p008_f01_181x132.jpg

Maider IANTZI

Filmeko protagonistak duela urte batzuk sortu zituzten Jon Alonsok eta Asisko Urmenetak. Ideia bat zeukaten zerbait egiteko, baina ez zuten lortu eta kaxoi batean geratu zen proiektua. Somuga Euskal Herrian animazioak egin nahi dituen enpresa berri bat da, eta bertako kideek ahaztutako altxor horren berri izan zuten, hasieran telesail bat egiteko. Ez dute baztertzen egitasmo hori, baina bidean, ate joka ari zirelarik, film bat egiteko modua ikusi zuten. Gaurko munduaren parodia bat egitea pentsatu zuten klasiko baten bitartez. Horrela sortu zen ideia duela urtebete-edo.

Unai Iturriaga eta Edorta Barruetabeña hasi ziren gidoia lantzen. Barruetabeñak gogora ekarri duenez, orri bateko eskema txiki bat egin zuten aurrena, eta gero hari nagusi hori edukiz betetzen joan ziren, tratamendua egin zuten, ekintza guztiak jasotzen dituen hogei bat orriko dokumentua. Zuzendariak gainbegiratu eta bere iritzia eman ondotik, zer nahi zuten nahiko argi zutenean, lanak banatu zituzten, eta bakoitzak bere zatia idatzi du. Dokumentuak partekatzeko tresnak erabili dituzte. Hala, batek idazten zuena besteak ere ikusten zuen, eta zuzendariak gainbegiratu.

Gidoilari honen arabera, orain ehun urte eta koska munduari bira ematea erronka bat zen, eta gainera laurogei egunean, hori ikaragarria zen. Gaur egungo hitz magiko bat «doan» da, denak erotu egiten gara zerbait doan dela ikusten badugu, horrek mugitzen du mundua. Doan egiten diren hegaldi horietatik hasita (gero ez direnak benetan hala), gure gizartea irudikatzen duen hitza da. Eta hitz horren inguruan gaurko munduaren erretratu txiki bat egin nahi zuten. Filmaren erronka honakoa da: ea egin daitekeen munduaren bira doan bidaiatuz. Entretenitzeko pelikula bat da. «Jules Verneren istorioan agertzen diren hiriak oso garrantzitsuak dira gaur; batzuetan gatazkak daude, beste batzuetan arazoak, besteak munduko ekonomian oso garrantzitsuak dira. Esate baterako, hiri bat Suez da eta hor Palestina jorratzen dugu. Beste bat Hong Kong da; beste bat San Frantzisko...», jarraitu du Barruetabeñak bere azalpenarekin.

Pertsonaiak bereziak dira. Lanik egin gabe bizi nahi duen koadrila bat da, ziber-kebab batean biltzen dena. Marrazki kuriosoak dira, itxura batean infantilak dira, baina helduek ulertzeko gaiak lantzen dituzte.

Beste berezitasun bat lan taldea euskalduna izatea da. Musika, adibidez, Kaki Arkarazok egin du. Urbanoa izan dadin nahi dute, zati batzuetan behintzat, eta orain hasiko dira zehazten nolako doinuak izango diren, pertsonaiak munduko toki askotatik pasatuko direlako eta bakoitzari dagokion soinua jarri behar zaiolako. Hala ere, hari batek lotuko ditu guztiak. Teknikari dagokionez, Toon Boom etxearen Harmony programa erabiltzen ari dira. Bereziki marrazki bizidunak egiteko programa bat da eta talde lana errazten du.

Apustu batekin hasten da dena

Koadrilako lagun batek Londonerako doako bidaia bat aurkitzen du eta taldeko liderrari, harroputz samarra denez, gutxi iruditzen zaio. Han hasten da esaten berak hori baino askoz gehiago egingo lukeela dohainik, baita munduari bira eman ere. Ziber-kebabeko nagusiak ezetz esaten dio, berak baietz, eta azkenean apustua egiten dute: baietz 80 egunean munduari bira eman doan, Phileas Fog pasatu zen lekuetatik.

Bidean, Londonen hango zerbitzu sekretuekin egingo dute topo, Suezen palestinarrekin... Taldeko liderra besteen kontura bizi da; aseguru-etxe batek pentsio bat ematen dio lanik egin ezin duelako, bidaiatu ezin duelako, bidaia agentea baitzen. Eta agente batek frogatu nahi du ez dagoela elbarrituta. Denbora osoan koadrilaren gibeletik ibiliko da, bidaiatu dezakeela frogatu nahian.

Barruetabeñaren aburuz, filma denentzat izatea zoragarria litzateke, baina jakin badaki hori oso zaila dela. «Neurri batean, helduentzat dela esaten dugunean ez dugu esan nahi helduek bakarrik ikustekoa denik, hau da, ez da umeei begiak itxiarazteko moduko ezer agertuko. Agertuko diren kontzeptu asko ez dira haurrek ulertzeko modukoak izango, baina, aldi berean, lurpeko tuneletatik korrika, Amerikako Estatu Batuetako hegazkinen aitzinetik lasterka ikusiko dituzte pertsonaiak. Bakoitzak gauza bat ulertuko du: umeek marrazki bizidunetako Bugs Bunnyren antzeko lasterketa bat ikusiko dute eta nagusiek beste gauza bat», argitu du.

Juanjo Elordik zehaztu duenez, story board-a garatzen eta pertsonaiei bizia emateko prestatzen ari dira egunotan. Gero elkarrizketen bikoizketa egingo dutela adierazi du, story board-a iruditan prestatu audioarekin, tempo-a eta erritmoa nola garatzen doazen ikusteko. Zuzendariak laguntzaile anitz ditu eztabaidatzeko eta aldaketak egiteko, arte zuzendaria, animaziokoa, teknikoena, gidoilariena... Lehenengo bizpahiru hilabeteetan plangintza egingo dute, eta ondotik irudia eta soinua ahal den kalitate onenekoak izan daitezen saiatuko dira.

Proiektuak jadanik bi urte eta erdi ditu, eta hagitz ongi ezagutzen dute. «Horrek aukera ematen digu hartzen ditugun bideetan erantzun ona emateko. Lantaldeak ondo erantzungo duela eta film ona aterako zaigula uste dut. Munduari bira emango dio!», esan du Elordik irri artean. Kontatu duenez, sarri, aurrekontu murritzeko lanak abiatzean, zinemagileek ez badute ongi aukeratzen zein neurritako filma egin, gainezka egiten die eta ezin izaten dira helmugara heldu. Oraingoan goi mailako kalitatea eman dezaketen esparru bat aukeratu dutela uste du.

«Oraingoz, behintzat, filmaren ekoizpena euskaraz egin ahal izan dut. Horrelako proiektu bat abiatzean, ez dugu hasieratik %100eko finantziaziorik izaten, %80ra heltzean-edo erabakitzen da hastea. Bidean, lagunak topatu ditugu, estudio katalan bat, edo beste herrialde batekoa. Horrek produkzioko fase batzuk ingelesez edo gaztelaniaz egitea ekartzen du, baina orain artean ez da halakorik suertatu. Gure estudioan zortedunak gara, lantalde euskalduna baitaukagu», azaldu du.

Filma euskaraz izango bada ere, gaztelaniazko bertsio bat egingo dute, Estatu espainoleko zinema aretoetan banatzea proposatu dietelako. Ingelesez edo frantsesez ere ateratzea espero dute. Horretarako, kanpora begira mugitzen ari dira merkatuetan. Adibidez, urrian Mip Com merkatuan, Cannesen, aurkeztuko dute filma nola egiten ari diren, aurre salmentak eta lagunak bilatzeko. Cartoons on the Bay jaialdian, Italiako Salernon, ere aurkeztu zuten pilotu bat, eta aurtengo bost pilotu onenetakoa izendatu zuten. Hirurehun bat lan zeuden, mundu osokoak, eta pozik daude beren lana hautatu zutelako. «Garatu dugun mezu bisuala oso berezia da: marrazkiak, animazioa, hondoak, garapen bisual osoa oso erakargarria atera da, eta aldi berean oso berria, ez du inor uzten iritzirik gabe. Hori izan zen ziur aski egindako esperimentazio horri balioa emateko arrazoia», azaldu du zuzendariak.

Egokia iruditu zitzaien Julio Verneren lanaren parodia egitea, ez dadin izan beste gauza berri bat, jendeak jakin dezan zein den istorioa, baita buelta emango diotela ere, gatza eta piperra izango duela eta irribarrea marraztuko dutela aurpegietan. Irribarrea eragin nahi dute munduaren gorabeheren kontura. Garai honen ironia helarazi nahi dute. Zer da gezurra eta zer egia? Ikusten duguna benetakoa edo faltsua da? Horren inguruko umorezko hausnarketa egin dute. Ez dute ezer ebatziko, ez dute mezu argirik adieraziko, baina buelta batzuk emango dizkiete eguneroko bizitzan ikusten ditugun gauzei.

Bildotso, Otto eta besorik gabeko bertze pertsonaiak hiriz hiri ibiliko dira

Bildotso pertsonaia konplexua da. Kolpe zorririk jo gabe bizitzea du helburu, eta prest dago edozein iruzur baliatzeko edo koadrila espero gabeko abenturaren batean sartzeko. Otsotik badu, baina egoera okertzen denean, bildots itxura hartzen du. Bettybelu inozo samar agertzen ahal da Bildotsoren aitzinean, baina inork espero ez dituen ekarpenak egiten ditu. Idealista dela erran dezakegu eta planetaren bilakaeraz kezkatuta dago. Koadrilako bertze lagun bat Gizabanano da, apala, deprimitua, hezur eta odolik gabea, ezkorra bera, langar laino baten pean bizi dena. «Zakur argalari dena kukuxu», esaeraren adibide da.

Gauzeztania, berriz, aldrebesa eta baldarra da. Sentimendu primarioak ditu eta oinak lurrean beti. Publikoak berekin bat egitea lortuko du segur aski.

Zomorroide marroia da, monokordea, monokromoa, baina, hala ere, kultur edukiak azaltzeko gakoak ematen ditu. Eta Otto autoan bizi da, ez dakigu hankarik duen ere, beti ibilgailuan sartuta baitago. Koadrila batetik bestera eramaten du eta erabakiak hartzeko ahalmena ematen dio horrek. «Herriak ez du aparkatuko» da bere leloa.

Izen eta izan hauek guztiak Jon Alonsok eta Asisko Urmenetak sortu zituzten. Alonsok ez zuen bere burua proiektu honetan ikusten eta Urmeneta ari da orain pertsonaiak lantzen. Itxura eta nortasuna ere landua du, baina munduko hainbat eskualde bisitatuko dituztenez, bertze pertsonaia anitz ezagutuko dituzte eta horiekin ari da margolaria egunotan. Azaldu digunez, ez dira pertsonak, ezta animaliak edo landareak ere, baina guztietatik dute zerbait. Ez dute besorik, garai batean funtzio bat izan arren, denborarekin atrofiatu egingo direla erakusteko. Dena hiru dimentsiotan den honetan, bi dimentsiotako pertsonaiak osatzea erabaki du, perspektibarik gabekoak, kolore planoekin, sinpleagoak izan daitezen.

Ziber-kebab batean elkartzen dira guztiak eta bertatik abiatzen dira Interneteko loturak. Orakulu bat bezalakoa da bueltaka dabilen haragi puska, eta arrasto batzuk ematen dizkie. Munduko ziber-kebab batzuk ezagutuko ditu ikusleak pelikulan. Hala ere, Urmenetaren arabera, «hiri planetarioan» bizi garenez, ez dago halako desberdintasunik batetik bestera. M.I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo