GARA > Idatzia > > Kultura

Klasikoak eta berrikuntza parez pare Kanboko Antzerki Jaialdian

Atzo hasi zen Kanboko Arnaga Etxean urtero egiten den Antzerki Jaialdiaren XIX. edizioa Moliere-en «La malade imaginarie» klasikoarekin. Antzerkia «ikuslego anitz bati» zabaltzeko helburuarekin, 40 bat boluntariok lanean dihardute egunotan jaialdia aurrera eramaten.

p042_f01_97x124.jpg

Xabi HERNANDEZ | KANBO

Hiru egun eta hiru antzerki lan orotara. Atzo hasi, eta larunbatera bitartean hiru obra aurkeztuko dira herriko inguruetan den Arnaga Etxeko lorategian, luzaz «Cyrano de Bergerac» lanaren egile Edmond Rostanden bizilekua izan zen horretan, hain justu. Komedia izanen da hari generikoa, eta guztien artean klasikoei eta berrikuntzari eginen diote erreferentzia, hauetan diziplina desberdinak bateratuz.

750 ikuslerentzat prestatutako eszena ireki batean eta eguraldiaren mehatxupean, ia eserleku guztiak bete ziren atzokoan Moliere-ek idatzitako azkena izan zen «La malade imaginaire» (Alegiazko gaixoa) antzezlanarekin, L'Esquisse taldearen eskutik. 1673an sortutako lan hau taularatzeko pertsonaien karakterizazioan Adams familia ezagunaren ezaugarri batzuk sartu zituzten berrikuntza gisa, jaialdiaren antolatzaile den Didier Reyk adierazi zuenez, «obra bera haurrek ere hurbilago senti dezaten». Gaurko emankizunean, aldiz, aire berezia hartuko du Arnagak, erroei begira jarriko baita Tres Tôt Sur Scene konpainiak antzeztuko duen «Edmond Rostand de Bergerac» piezarekin. Honetan Rostandek eta bere maisulanak bat eginen dute eta, horrela, keinu txiki bat eskainiko diete biei. Bukatzeko Anamorphose konpainia paristarraren zazpi aktorek, bi musikarik eta txotxongiloekin jardungo duten beste bost antzezlek eszena hartuko dute bihar Fernand Crommelyncken «Le cocu magnifique» lanean. Taula gainean 40 pertsonaia baino gehiago antzeztuko ditu talde txiki honek bideoa, txotxongiloak eta zuzeneko eszenaratzea korapilatuz. Ia hastapenetik boluntario gisa ibilitakoak 20. urteurrena izanen denari hasi dira jada itxura ematen. Antzerkia «herritartzen» segitzeko asmoarekin, aste oso bat hartuko du jaialdiak.

Fitxa

Tokia: Kanboko Arnaga etxea.

Data: Bihar eta larunbata.

Ordua: 21.30etan.

Sarrerak: 9-14 euro bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo