GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Inkomunikazioa, muturrera eramanda

Auzitegi Nazional espainoleko guardiako epaileak kartzelara bidali du Barañaingo gazte bat, joan den astean atxilotutako herri bereko beste bi gazteri bezala «erakunde terroristako kide» izatea egotzita eta inolako ekintza konkreturik zehaztu gabe. Gazte hori, Alberto Lopez Iborra, ordea, ez da asteburuan Nafarroan atxilotutako lauretatik inor, polizia iturriek atzo arte ez baitzuten jakinarazi ostiralean atxilotu zutela. Ikaragarria da lagun bat hainbat egunez senideek, lagunek, inork, haren berri izan gabe atxilotuta izatea, baina, kasu honetan, non eta noren eskuetan zegoen ere ez zen ezagutzen. Ikaragarria da egun horietan Guardia Zibilaren esku izan dela jakitea egun batzuk lehenago atxilotutako bi gazteen lekukotasuna entzun ostean, azken hamarkadetan espainiar polizia etxeetan atxilo egondako hainbeste euskaldunen testigantza beldurgarriak entzunda eta horietako askok jasandako tratuaren zantzuak ikusita. Inkomunikazioa tratu txarren atea zabaltzen duen prozedura da, eta Lopez Iborraren kasuan muturrera eraman dute. Noel Lopezek, berriz, ospitalean jarraitzen zuen antsietate krisiak jota. Ez da harritzekoa, ikusitakoak ikusita. Horiek horrela, arreta ematen du, eskubideen bermatzaile omen den estatu bateko agintarien isiltasunarekin batera, indar politikoek azken atxiloketen eta tortura salaketen aurrean erakutsitako jarrera epela edo erabateko isiltasuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo