GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Basagoiti Lopezekin mintzatu da AHTren alde mobilizatzeko

PPk adierazi duenez, Antonio Basagoiti Patxi Lopezekin mintzatu da AHTren alde «manifestazio erraldoi bat» egiteko aukerak aztertzeko. Antza denez, ez du Iñigo Urkullurekin hitz egitea lortu, baina berarekin aurki egotea espero du. Bestalde, atzo Ordizia eta Itsasondo artean leherketak hasiko zituztela iragarri zuen Lakuak Mariaratzera egindako bisitan.

p016_f01_111x111.jpg

GARA |

EAEko PPko buruak, Antonio Basagoitik, eta PSE-EEko presidente Patxi Lopezek elkarrizketa izan zuten atzo Abiadura Handiko Trenaren alde «manifestazio erraldoi bat» antolatzeko zein aukera dauden ikusteko. Ekimen horren bidez, azpiegitura erraldoia babesteko aukera eman nahi die PPk herritarrei, baita «enpresak eta bertako langileak» sostengatzekoa ere.

PPko iturriek azaldu zutenez, atzo goizean izandako elkarrizketan manifestazioari buruz hitz egiten jarraituko dutela erabaki zuten, ados jar daitezkeen ikusteko.

PSE-EEko ordezkarien aburuz, solasaldia lehenbiziko harremana izan da, eta ez da inongo akordiorik lortu. Alderdi horretako bozeramaile batek adierazi zuenez, Abiadura Handiko Trenaren aldeko manifestazio bat elkarrekin zergatik egin behar duten ulertu gabe jarraitzen dute, joan den astean Rodolfo Aresek adierazi zuen bezala.

EAJrekin ere bai

PPko bozeramaileek zehaztu zutenez, Basagoitik EAJko ordezkariekin ere batu nahi du kontu honen inguruan mintzatzeko. Badirudi atzo Iñigo Urkullurekin solastatzen saiatu zela, baina ez zuela lortu. Ez zegoen Sabin Etxean bertara hots egin zuenean, baina mandatua utzi zuen, eta berandu baino lehen Euskadi Buru Batzarreko presidentearekin hitz egin ahal izatea espero du Antonio Basagoitik, hala ekimenaren gainean zerbait zehaztea lortzeko.

Lakuako Gobernuko Garraio sailburuak, Nuria Lopez de Gereñuk, eta PSE-EEko Antolakuntza idazkariak, Rodolfo Aresek, Antonio Basagoitiren proposamenari ezetz erran badiote ere, EAEko PPko buruak «euskal alderdi handiek» Abiadura Handiko Trena babesten dutela erakusteko manifestazio erraldoia antolatu beharko luketela berretsi du.

«Horren beharra dugu, ezinezkoa baita gutxiengoa, muturrekoak eta `batasunoak' izatea kalean daudenak, elkarretaratzeetan Abiadura Handiko Trena ez dela beharrezkoa esaten», defendatu zuen PPko EAEko presidenteak.

Bestalde, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta instituzioetako beste ordezkari batzuek orain dela hainbat egun Ordiziako Mariaratz haranera egindako bisitan iragarri zutenez, atzo Ordizia eta Itsasondo arteko obretan leherketak hastekoak ziren. Abiadura Handiko Trenaren Gipuzkoako lehenbiziko tunela zulatuko zutela azaldu zuten joan den abuztuaren 28an.

Hala eta guztiz ere, Goierriko AHT Gelditu Elkarlaneko kideek ez zuten atzo albiste horren berririk eman, eta Lakuako Euskal Trenbide Sarearen web orrialdean ere (www.ets-rfv.es) ez zen Ordiziako leherketen gaineko informaziorik ageri.

leherketak

Ordizia eta Itsasondo tartean leherketak atzo hasiko zituztela iragarri zuten Lakuako ordezkariek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo