GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

IKASTURTE HASIERA

Ttipi-ttapa ikasgeletako martxari tamaina hartzen

Amaitu dira ekainean amaigabeak ziruditen oporrak. Euskal Herriko haurrak pixkanaka ari dira eserlekuak hartzen ikasgeletan. Eurentzako egun gazi-gozoak dira, berriz ere martxa hartu beharra baitago. Baina eurek ez ezik, guraso eta irakasleek ere esfortzu itzela egin behar dute ikasturteari tamaina hartzeko.

p002_f02_78973.jpg

Maider EIZMENDI eta Ainize BUTRON

Hasi da berriz ere iratzargailuaren martxa, goizago oheratu beharra... Milaka eta milaka haurrentzat egunotan hasi da ikasturtea. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherekoak izan dira betiko legez goiztiarrenak, asteartean ekin baitzioten ikasturte berriari. Aste honetan gainerako herrialdeetakoen txanda izango da. Haurrak oraindik ikasgeletan ez badaude ere, azken astean zalaparta itzela izan da, prestaketa lanak ugariak baitira.

Gasteizko Armentia ikastolan 750 ikasle hartuko dituzte aurten eta 60 bat langile arituko dira lanean, bertako irakasle Amaia Ibaibarriagak adierazi duenez. Urtetik urtera moldatu behar izaten dute, hamabost urte baino ez ditu Arabako hiriburuko ikastetxe honek eta «oraindik ere hazten hari da». «Haur Hezkuntza hirugarren lerroa osatu dugu», aipatu du, matrikulazio tasa handiaren erakusgarri gisa.

Ibaibarriagaren hitzetan, irailaren lehenean egin behar izaten duten lana «gogorra eta ugaria» da, bete-betean ekiten diote ikasturtearen planifikazioari. Azken aste hau guraso bilera orokorren prestaketan, 0-3 zikloan hasiko diren haurren gurasoekin banakako elkarrizketak egiten, gelak prestatu eta atontzen edota falta diren materialak erosten eman dute.

Lanik gogorrenetarikoa eta trabarik handienetarikoa, ikasturtea hasten denerako langile guztiak kontratatuak izatea da, «azken orduan beti izaten baita gorabeheraren bat».

Nagiak nagi, oro har, ikasleak gustura etortzen dira ikasgeletara, lagunak ikusteko irrikaz egoten dira. Txikitxoenei egiten zaizkie lehen egun hauek gogorren, eta horregatik, egokitzapen pausatuagoa egiten dute hauekin. «Lasai eta gustura egon arte umearentzako hurbila den pertsona heldua egoten da gelan; pixkanaka umea irakaslearekin loturak eginez doan neurrian, helduak gelatik irteten dira», azaldu du. Modu horretan, hiru asteren buruan-edo ikasle berriak neurria hartzen dio ikasgelari, eta «pozik sartzen dira gelara».

Berrobiko San Andres ikastetxean ere buru-belarri ari dira lanean. Ez dira Armentia ikastolan bezainbeste ikasle izango, ezta irakasleak ere, zortzi lagunek egingo baitute lan Gipuzkoako herri honetan. Aurten zazpi ikasle berri izango dituzte, sei txikitxoak eta zazpigarrena atzerritik etorritako helduxeagoa. Azken egunetako lana ikasturte osorako plangintza egitea da. «Egutegiak eta ordutegiak osatu behar ditugu. Eskerrak ikasturte amaieran gauza asko jada erabakita uzten ditugula, bestela...», azaldu du Mila Arrondo irakasleak. Baina, horietaz gain, itxura batean hain garrantzitsuak ez diren kontuak ere lotu behar izaten dituzte: «Haurrekin ibilaldietara joatean lo egiteko aterpetxeak bilatzen ari gara eta jada batzuetan ez da tokirik». Aurreikuspen handiz antolatu behar dute, beraz. Hala ere, lanik nekagarriena bete behar izaten dituzten paper eta dokumentuak osatzea dela adierazi du.

Eskola txikiek badituzte abantailak eta horietako bat eskola bera herrian oso txertatuta egotea da. Ez da leku aldaketa bortitzik izaten, haurrek udan ere eskola inguruan jolasten dutelako. «Prestaketa lanetan ari garenean atarian izaten ditugu haurrak». Horregatik eskolaratzea bera ere itxuraz errazagoa izaten da, bi urteko haurrek jada ezagutzen dituztelako zaharragoak direnak elkarrekin jolasten baitute. «Adaptazioa bakoitzaren araberakoa da, badira berehala egiten diren haurrak eta asko kostatzen zaienak ere bai», argitu du.

Eskolaratzea gai hartzen dugunean, haurrez mintzatzen gara maiz, baina zenbaitetan gurasoak izan ohi dira eskolaratzean traba ugarien dituztenak. Liburu eta gainerako materialetan utzi behar duten diruaz gain, haurrak lehenengoz eskolaratu eta adaptazio prozesuan murgiltzeko denbora asko behar izaten da eta zenbaitek opor egunak ere hartu behar izaten ditu.

Maider Heguyk Baionako Oihana ikastolan ditu bi semeak. Bata, lau urte dituela-eta, ama ikastolan dago, bigarrenak aldiz, zortzi urte eginak ditu. Maiderrentzat ikasturtearen hasierak etxean erritmo aldaketa handia eragiten du. «Gurasoak lanean hasi gara ikasturtea hasi baino astebete lehenagotik, eta, halere, eskolan sartzeak beti erritmoa aldatzera behartzen zaitu. Ordura arte berandu oheratzen ziren, etxeko lanik ez zen egiteko. Baina orain guztiak hasiko dira, eta zortzi eta erdietarako haurrek ohean egon beharko dute. Eskolaz kanpoko jarduerak ere hasiko dira. Halere, haurrak pozik itzuli dira ikastolatik», aipatu du. Aurrekontuaren aldetik, Maiderrek seme bakarrarentzat 200 euro xahutu dituela aitortu du. «Eskolako materialean 50 euro ordaindu dugu. Eta, alta, ez dugu markarik hartu, prezio apalenetan erosten aritu gara», argitu du. Materiala erostearekin, laster eskolaz kanpo jarduerak hasiko dituztenez, hori ere diru xahutze gehigarri bat izango da familiarentzat.

Eskolaratzeak eragindako gastu asko murriztea lortu du, ordea, Amets Aranak. Hiru haur eskolatuak ditu Senperen; lehen biak bederatzi eta hamar urtekoak dira, hirugarrena, berriz laukoa. Oporretako giroa gibelean utzi, eta jada, joan den astetik eskolako erritmoan murgiltzen hasi ziren. Hiru haurrentzat 70 euro ordaindu behar izan ditu materiala erosteko. Estutxea, zakua, brusa eta liburuak erosi ditu, hain zuzen ere. «Marka ezagunak ez badira erosten nahiko prezio apalak aurkitzen dira saltokietan. Esate baterako, haur bakoitzarentzat 5 euroan aurkitu dut zakua», azpimarratu du. Aurtengo ikasturte hasiera berezia izan da, izan ere, Estatu frantseseko guraso elkarte eta saltoki handien artean akordio bat izenpetu baitute. Akordio horren bidez, saltokiek eskolako materiala prezio apaletan saltzea hitzeman dute familientzat ikasturte hasierako aurrekontua apala izan dadin. «Akordio horri esker, bistan da markak kanpo utzita, materiala oso merke saltzen dela», nabarmendu du Senpereko gurasoak.

Liruru dendetan burua altxa ezinda ari dira lanean

Zalaparta handiko egunak dira ikasgeletan, eta zer esanik ez liburu eta paper dendetan. Bilboko Iparragirre kaleko dendan «ordutegirik gabe» ari dira azken egunotan. «Goizean goiz izaten da jendea eta iluntzean itxi ezinik ibiltzen gara», aipatu du Begoña Martinez dendako jabeak. Aurreikuspen handiarekin jokatzen dute testu liburuen kasuan. «Ikastetxeek eskolak amaitzean datorren urteko liburu zerrenda ematen diete gurasoei, eta gu berehala hasten gara eskatzen». Baina, noski, azken orduan etortzen direnak eta arazotxoak ez dira falta izaten. Gainera, euskarazko testu liburuekin arazo gehiago izaten dela aitortu du. «Gaztelaniazkoak hemen saltzen ez badira beste norabait eraman, eta kito!, baina euskarazko liburuak edizio mugatuagoa dute eta agortuz gero gehiago itxaron behar izaten da».

Liburuak ez ezik, bestelako materialak ere saltzen dira, arkatzak, boligrafoak, karpetak... Horregatik aurreikuspen handiarekin jokatuta ere ezinezkoa da jende pilaketa eragoztea, «baina bueno, urteko sasoirik hoberena da guretzat», onartu du.
M.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo