GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Bereziki kezkatzen gaitu alkohola edateko eredu anglosaxoiak»

p020_f01_63784.jpg

BAKARTXO IRAGUI, ASKAGINTZA-KO BOZERAMAILEA

Hogei urte bete ditu Askagintzak. Etxarri Aranatzen sortu zen, eta bertan ospatu zuen atzo urteurrena. Festa egiteaz gain, hausnartzeko baliatu zuten aukera, gogoeta egiteari ez diotela inoiz utzi behar uste baitute, drogamenpekotasunaren gaia dinamikoa baita. Lan horretan jarraitzea dute erronka.

Droga arazoak gainditzeko hainbat talde sortu zen Euskal Herrian 1970eko hamarkadan, bereziki heroinaren menpekotasunari aurre egiteko. Gero, 1988an, talde guztiak bakar batean biltzea erabaki zuten Etxarri Aranatzen, prebentzioa lantzeko eta drogamenpekotasuna normalizatzeko. Hasierako helburu horiei eusten diete. «Drogak beti egon dira, gaur egun ere badaude, eta aurrerantzean ere egongo dira», baieztatzen dute. Horregatik, ez daude substantzien kontra; drogak dauden gizarte batean bizitzen eta arduraz kontsumitzen irakasteko ari dira lanean.

Zeini begira egiten duzue lan?

Gehien arduratzen gaituztenak adin txikikoak eta arrisku egoeran dauden pertsonak dira. Berez, guztiengana zuzentzen gara, baina gehienbat gazteengana ailegatzen gara. Adibidez, ikastoletan ikasle, irakasle eta gurasoak hezten ditugu. Hasieran, salaketak ere egiten genituen, eta hori da berreskuratu behar dugun zereginetako bat. Droga trafikoaren atzean dauden interesek asko arduratu izan dute beti Askagintza. Orain, elkarlana bultzatzen dugu asko, Ikastolen Federazioarekin, udalekin, gurasoekin, gaztetxeekin... Gure esparrua oso-oso zabala da.

Jaietan ere parte hartzen duzue.

Ikastolen jaietan «Primeran pasa, pasatu gabe» programa hasi genuen 2006an. Bertan, formazio saioak egiten ditugu irakasleekin. Adibidez, aurten Nafarroa Oinez Iruñeko Jaso ikastola ari da antolatzen. Beraiekin bildu gara eta egunean bertan egingo duguna azaldu diegu. Lehenik, zenbait gazteri detekzioa nola egin erakusten diegu eta egunean bertan gazte horiekin egitera joaten gara hitz. Baimena eskatzen diegu, ea badituzten minutu batzuk gurekin mintzatzeko, eta halako kontsumo mailek arduratzen gaituztela esaten diegu. Arriskuak ekiditeko estrategien berri ematen diegu: substantziak ez nahasteko aholkatuz, zerbait jateko, mugitzeko... Arratsaldean, alkoholimetro probak egiten ditugu, eta negatibo ematen dutenei kamisetak oparitzen dizkiegu. Tolosako jaietan egon gara, Orion, Oiartzunen, Beran... Herri hauetan drogamenpekotasunaren prebentzio planak dauzkagu.

Nola ari da aldatzen gazteen droga kontsumoa?

Heroinaren inguruan hasi ginen lanean. Orduan, kontsumitzaileak gaizkiletzat jotzen zituzten, baztertuago zeuden. Irudi hori asko aldatu da. Gainera, gehien kontsumitzen den edo gehien larritzen gaituen substantzia dagoeneko ez da heroina. Guri bereziki asko kezkatzen gaitu alkoholak, eredu mediterraneotik anglosaxoira igaro garelako. Mediterraneoa esaten dugunean graduazio baxuko edariak kontsumitzea esan nahi dugu, pixkanaka, kantitate txikiak, denbora tarte handietan, zerbait jaten duzun bitartean. Orain, poteatzean kubatak hartzen dituzte.

Helburuak ere ezberdinak dira?

Lehen, ongi pasatzeko hartzen ziren drogak; orain, gero eta gehiago bilatzen da ahal bezain azkar mozkortzea, eta horregatik hartzen dira graduazio altuko edariak eta ez dira betetzen babes faktoreak. Orokorrean ikusten den aldaketa da hasierako kontsumoaren adina jaitsi dela, eta asteko egunak eta asteburuak alderatzen baditugu, astean tabakoa eta kanabisaren eratorriak kontsumitzen direla gehienbat, eta asteburuan alkohola gehitzen zaiola. Kanabisetik eratorritako gaiak egunero hartzen dira. Kalteak ez direnez berehala ikusten, gazteek ez dituzte gai arriskutsutzat hartzen. Horrek gehiago kontsumitzea dakar, lasaiago eta babes faktoreak kontuan hartu gabe. Gazteek pentsamendu kritikoa garatzea, hausnartzea, kontsumoak bizitzan eta gorputzean nola eragiten duen jakitea nahi dugu, ez soilik informazioa jasotzea. Eskoletara joaten garenean ez dugu inor epaitzen, eta gurekin askoz irekiagoak dira ikasleak, galderak eta zalantzak adierazten dizkigute.

Eta helduek zer egiten dute?

Helduok eredu izan behar dugu, eta koherente esaten dugunarekin eta egiten dugunarekin. Guraso batzuek seme-alabei esaten diete ez dutela edan behar, eta beraiek poteatzera joaten dira. Ingurukoen kontsumoa hartzen dugu kontuan; gurea ez. Txikiteroek esango dute: Porrero aluak! Eta porreroek: Kokainomano hauek! Bakoitzak bere ardurak hartu behar ditu.

Maider IANTZI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo