GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

28 Kanala, saio berriekin eta webgunea hobetzen, aurrera doan hedabidea

Erronka askori aurre egin behar die hasten dabilen hedabideak; euskara hutsezko eta tokiko informazioa eskainiz gero, gainera, ez omen dira erronka makalak izaten. Horretan daude 28 Kanaleko kideak, eta saioak eta webguneko hobekuntzak ikusita bide onetik doazela dirudi.

GARA | GASTEIZ

Irailarekin batera hasten dira ikasturteak, eta, lanbide gehienetan urtero ikasten jarraitzen denez, helburu berriak lortzeari ekiten diogu egun hauetan. 28 kanalaren kasua ere ez da gutxiagorako. Beste ikasturte hasiera batean aurkeztu zuten beren burua, 2006an, hain zuzen, eta oraingoan ere saio berriak abian jartzeko eta hobekuntzak egiten jarraitzeko asmoz itzuli direla esan daiteke.

Tolosaldeko tokiko telebista honetatik egin duten lehen deialdia da beren saio berriari hutsik ez egiteko. Hedabide mota zein den aintzat hartuta, argi dago bertako informazioa duela ardatz baina ikuspegiak zabaltzen doazela ikus daiteke. Azaldu digutenaren arabera, «gure mugez kanpo dauden beste hainbat lurralde ezagutarazteko» saio berri bat martxan jarri dute. Ekimena «Mugaz Kanpo» izenarekin jaio da, eta atzerritik bidaiatu duen jendea gonbidatuko dute bertako ingurukoen artera kanpoko eragina sar dadin. «Tolosaldeko hainbat bidaiari ezagun gonbidatuko ditugu gure solasaldira», argitu dute, eta Anjel Cuerdo, Fernando Rojo, Josu Iztueta eta Pedro Garcia aipatu dituzte, beste batzuen artean.

Azkenaldiko beste berrikuntza garrantzitsu bat webgunearen hobekuntza izan da. Irudia hobetzearekin batera, zabaltzeko oinarrizkoa den ezaugarri bat gehitu zuten, haien edukiak Interneten ikusgarri ziren. Horretarako propio garatutako bideo atalean, telebistak ekoiztutako bideoak ikus daitezke. Horrela, Tolosaldean bertan bizi diren lagunez gain, munduko edozein lekutan den jendeak ere saioak ikusteko aukera izango du. Tolosaldearekin zerikusia duen publikoari begira prestatua izan da, noski, euskara hutsean baitago programazioa eta bertako gaiak jorratzen baitituzte.

Elementu berrien ondoan, ibilbidean hobetuz joan direnak ere mantenduko dituzte 28 kanalekoek. Hedabideak egindako saioak programazio automatizatuan daude eta 4 orduko blokea errepikatzen da. Alde informatiboa gehien lantzen duena «Tolosaldean Gaurkoan» da, erreportajeak ikusteko aukera ematen duena, gainera, berriak sartu heinean zaharrak ateratzen dituzte. Kirol aldetik, «28 kiroletan», astelehenero igortzen den saioa dago, asteburuko emaitzen errepasoa egiten duena. Beste saio askoren artean elkarrizketak formatu askotan eskaintzen dituzte, bai posprodukzioan landuta, bai platoan eta bai luzeak ere, bakoitzak saio propio bat duelarik.

TDTaren aukera

28 Kanala bezalako tokiko telebistei gertatzen zaiena da, orain arte, beren egoera alegala izan dela, eta, euskarri digitalak aukera oparoa zabaltzen diela. 28 Kanalekoek azaltzen dutenaren arabera, «barruti bakoitzean 4 tokiko telebista egon daitezke eta denek arau batzuk bete behar dituzte». Besteak beste, gutxienez barrutiko euskara maila erabili behar dute, barruti osora zabaldu, eta, asteko norberaren produkzioak 32 ordukoa behar du izan. Beren erronka azaldu dute: «28 Kanalak, euskaraz egiten du, behin frekuentzia digitalak edukita bailara gehiengora eramateko moduan egongo gara eta Tokiko elkarteko kideekin batera 32 ordu horietara iritsi beharko dugu».

«MUGAZ KANPO»

Irailetik aurrera 28 Kanalak saio berri bat igorriko du. «Gure mugez kanpoko hainbat lurralde ezagutarazteko» aukera izango dute Tolosaldekoek «Mugaz Kanpo» saioarekin. Bertako inguruko hainbat bidaiari ezagunekin solasean arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo