GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Fillon, Lasserre, Euskal Herria ez da salgai !

Estatuaren helburua Laborantza Ganberaren suntsitzea da; erakunde eraginkorra eta Ipar Euskal Herriaren ezagutza politikoaren ezagutzan estrategikoa

Lasserrek Kontseilu Orokorreko presidentetza galdu eta Hautetsien Kontseiluko lehendakaritza hartu. Lasserre jauna eragin handiko politikaria dugu eta ate batetik ateratzen delarik beste batetik itzultzen da. Departamenduko lurraldearen zatiketa harentzat ez da sekulan lehentasuna izan. Hau da azpimarratzen duena lehen ministroa eta Barne ministroa estatu kontratuaren izenpetzera etorri bezperan. Batera plataformak egin dituen ahalegin guztien gainetik, lortu ziren izenpetze guztien gainetik, departamenduaren aldeko mugimenduak izaterik izan ez balu bezala dabil Euskal Herriko berezitasunak babestu dituela aldarrikatuz. Koadroa argi dauka, Estatuarekin daukan harreman zuzena, Estatuarekin izenpetuko duten kontratuaren bitartez ezagutza nahiko ikusten du, ekintzen garapena eta ezaugarrien zaintzea omen da ezagutzaren garantia. Egia errateko, politikariarena lanbidea da eta profesionaltasuna ezagutu behar zaie errealitatearen manipulatzeko eta dialektika egokia eramateko interesatzen zaienaren alde hitz egin eta kontzeptuen ezartzeko gaitasuna. Instituzioaren eskakizuna, abertzaleen artean, eskakizun naturala bihurtu denez, Lasserrek Ipar Euskal Herriko interesen defenditzeko tresnak bestelakoak direla dio. Nolabait eskakizun horren indarraren ezagutzera behartua da, hemendik goiti, abertzale guztien artean instituzio zehatzik definitu ez bada ere, departamendua eta autonomia, bi bide desberdinak badira ere, instituzioaren aldarrikapen garbia bada. Hau ezin du gehiago ukatu, errepika dezake bide hoberena ez dela, baina garbi dauka eskakizun hau parean izanen duela. Gelditzen zaion karta jokatu behar du, Estatuarekin finkatutako kontratua alegia. Baina hor ere, bide honetatik abertzaleen eramateko lanak izanen ditu. Abertzale asko aritu dira Euskal Herri 2010 plangintzan, batzuek Euskal Herri 2020koan aritu dira ere, baina emaitzak hor dira eta ez dira izan horretan egin den indarraren araberakoak. Esperantza ito dute eta azken plangintzarako behar ziren finantzamenduak Estatuak ez ditu segurtatuko. Beraz, Lasserrek Estatuaren presentzia eta eskaintzaren garrantziaz hitz egin nahi du, baina konkretuki Estatuak ez du interesik erakusten Ipar Euskal Herriko garapenean.

Euskal Herri 2020k ez du konbentzitu. Bestalde, Estatuak auzitan jartzen du plangintza horretan indar handia jarri zuen sektorea, laborantza alegia. ELBk ere mobilizazioa deitzen du Fillonen bisitaren karietara. Estatuaren helburua Laborantza Ganberaren suntsitzea da; erakunde eraginkorra eta Ipar Euskal Herriaren ezagutza politikoaren ezagutzan estrategikoa. Beste abertzale guztiak han izanen gara, alderdietako kide izan ala ez. Fillon ez da ongi etorria izanen, ez baitu dauzkagun problematikei erantzunik ekartzen, urteetan aldarrikatu dugunari entzungor gelditzen baita. Eta ez gaitu euro batzuekin erosiko. Badakizue, Euskal Herria ez da salgai!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo