GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Euritako beltzen alardea

Bego norberak bere buruari mugak ipini nahi izatea, hala nahi badu. Baina ez gainontzekoei. Emakume direlako parte hartu nahi ez badute, ez diete zertan eragotzi partaidetza beste emakumeei, araua aldatu nahi izan duten horiei guztiei.

Edertasuna heredatu daiteke, bai eta ondasunak, deitura, arbasoen etxea eta tradizioa ere. Norberaren esku dago herentzia jaso eta gordetzea, edo hondatzea; zaharberritu eta hobetzea, edo errefusatzea.

Zur eta lur geratzen naiz Hondarribian emakume gazteak euritakoen, plastikoen, mozorroen atzean Jaizkibel-eko partaideei irain eginez ikusten ditudanean. Egia da nekez ulertzen dudala zein emozio dagoen desfilean, denak berdin-berdin jantzita doinu militarpeko martxan. Baina bego. Bego desfilea eta bego kutsu militarra; kultura adierazpenek begirunea merezi dute, ulertu egiten ez direnak barne. Guztiz ulergaitza eta arbuiagarria dena zera da, parte hartu nahi duenari ezetz esatea, zergatik eta bere sexuagatik. Ez da soilik genero-bazterketa. Oinarrizko injustizia da jaiotzez duten ezaugarriagatik baztertuak direlako, direna izateagatik alegia.

Alarde tradizionalaren zaleek emakumeen presentzia eragozten dutenean zera adierazten diete, finean, Jaizkibeleko emakumeei: «Ezin duzu parte hartu zarena izateagatik, horrela jaiotzeagatik; arrazoia ez da zure pentsaera, zure jokaera; ez da zure jarduna. Ez duzu parterik hartuko emakume jaio zarelako. Kito».

Inork ezin du aukeratu emakume edo gizon jaiotzea, beltz edo zuri, erraldoi edo ipotx. Ez dago inoren esku jaiotzean nolako izango den erabakitzea, zein genero edo koloretakoa izango den. Beraz, gizakia berezko izaeragatik baztertzen denean, de facto onartzen ari da gizaki guztiek ez dituztela eskubide berberak, klaseak izan badirela, kategoriak, mailak, bereizketak. Oinarrizko berdintasuna ukatu egiten da lehenik, eta araua ezartzen da; arauak markatzen du zein den barneko eta zein bazterreko, eta injustua da, bazterrekoak ezin baitio utzi bera dena izateari. Ezin dio beltz izateari utzi, ezin du erabaki emakume edo gizon jaiotzea, ezin du aukeratu erraldoia edo ipotxa izatea. Izaera aldatu ezin badu, araua aldatu beharko du, noski.

Euritako beltzen atzean dauden emakumeak bat datoz emakumeak baztertzen dituen tradizioarekin. Bego berriz ere. Bego norberak bere buruari mugak ipini nahi izatea, hala nahi badu. Baina ez gainontzekoei. Emakume direlako parte hartu nahi ez badute, ez diete zertan eragotzi partaidetza beste emakumeei, araua aldatu nahi izan duten horiei guztiei.

Nietzschek azaldu zigun morala zer den moralaren genealogiaz mintzatu zenean. Morala gizartearen arau-multzoa da, garaian garaikoa, aginte batek ezarria eta bere zerbitzura jarria. Etikak, ordea, ez dio erantzuten aurretik ezarritako kode bati; berezkoa du gizakiak, eta horren arabera jokatzen du berez, kode ezagunik gabekoa baita etika.

Moralaren arabera urdangak dira Jaizkibeleko eskopetadunak, tradizionalen arautik kanpo kokatu dutelako euren burua. Etikaren ikuspuntutik, ordea, pozik egon daitezke, justizia berria ezartzen ari direlako euren ekimenarekin. Horrela uler daiteke soilik emakume hauen irribarrea puta esaten dietenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo