GARA > Idatzia > > Kultura

Astelehenaz ihesi

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Uda egunak amaitzear daude, eta horrekin batera astelehena dator berriz ere. Haurrak ikastolan hasiak dira eta eguneroko mugimenduaren gurpilean sartuak gara nahitaez. Olinpiar Jokoek Olinpiar Joko Bereziei eman diete txanda eta Kontxako estropadek azken txanpa biziko dute datorren igandean. Baina amaiera orok ematen dionez bide hasiera berri bati, 56. Zinemaldiari ongietorria emango diogu, eta baita Egiako Porrontxo jaiei ere. Beraz, badugu oraindik astelehen astunari ihes egiteko hainbat aitzakia jator. Castrori Kontxako bandera kentzeko igande honetan izango den borroka, adibidez. Kantauri itsasaldean izerdia eta itsasoko ura elkarrekin nahasiko diren moduan, Alde Zaharreko kaleak kolorez eta banderaz nahasiko dira. Eta ba al dago horrelako festa bat baino kale antzerki hoberik?

Eta Katalunian ere aukera paregabea izango dugu hil honetan: Fira Tarrega antzerki jaialdia. Aurten bere 28. edizioa ospatuko du jaialdi honek eta 81 ikuskizun eskainiko ditu hilaren 11tik 14ra bitartean. Artzertiaren nazioarteko merkatu garrantzitsu honek, genero eta mota askotako ikuskizunak biltzeaz gainera, giro ederra bizitzeko aukera ere eskaintzen du bere kale eta antzokietan. Astelehenaren zama atzeratu nahi dutenentzat, ondo pasatu eta gozatzeko aukera paregabea benetan. Eta mundu zabaleko ikuskizunak ikusteaz gainera, Euskal Herriko hiru talde ikusteko aukera ere izango dugu.

Gaitzerdi taldeak «Otsoko» ikuskizuna eskainiko digu. Ikuskizun honek Txanogorritxo eta otsoaren istorioa beste begi batzuez ikusteko aukera eskainiko digu hilaren 14an. Gansok, berriz, «Renato» ikuskizuna eskainiko digu. Amets batek bultzatutako klown maitagarri honen esperientziak hilaren 13an eta 14an ikusteko aukera izango dugu. Eta Katu beltz taldearen «Gris mate» opera prima ikuskizuna ere bertan izango dugu hilaren 13an.

Eta nahitaez astelehena bizi behar dugunok, udari agur esan beharko diogu, kaleko antzerkiak bere azkenak ematen dizkigun bitartean. Baina amaiera orok hasiera berri bati bide ematen dionez, ongietorria emango diogu euriaz eta hotzaz babesten gaituen aretoko antzerkiari, eta baita udazkenari ere.

Antzokietako urte osoko programazioak kalean dira eta, zuhaitzen hostoak lurrera eroriko diren moduan, astelehenak ere bizkar gainera eroriko zaizkigu guri, baina egun astun, hotz eta euritsu horietan, beti izango dugu beste norabait eramango gaituzten istorioen kontsolamendu gozoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo