GARA > Idatzia > > Kultura

Hamargarren urteurrena geroari begira bete du Ballet Biarritzek

Ballet Biarritzek bere hamar kandelak ufatzeko aukera izan du Maitaldia jaialdiaren karietan. Konpainia baten ibilbidean hamar urteak «parentesi» bat zela goraipatu zuen Malandain koreografoak. Parentesia balletak hamar urteotan Biarritzen bideraturiko lanari ohore egiteko baliatu zuten, eta gaur bertan Kanadarako bidea hartuko du, berriz ere, konpainiak. Hamar urteotan, Malandain koreografoak konpainia sendotu eta nazioartean ezagutaraztea lortu du.

p048_f01_199x128.jpg

p048_f02_97x100.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

Hamar urtek edozein egituretan etapa bat markatu ohi dute. Iragana, oraina eta etorkizunaren arteko bidegurutze bat izaten da edozein elkarte eta egiturarentzat. Hala gertatzen da bederen guztien irudimenean.

Baina, ez du denentzat esanahi bera izaten. Ballet Biarritzek bere hamar kandelak ufatzeko aukera izan du aurten. Eta, etapa horretaz Thierry Malandainen iritzia jasotzean, ospakizunaren grina bertan behera geratu zen. «Biarritzentzat ospakizun garrantzitsua da, baina, konpainiarentzat, Maitaldia jaialdiaren karietan egin den gaualdi berezi horretatik at, ez du baitezpada gauza asko aldatzen». Horrenbestez, Malandainek zikloak ez zituen era berean kokatu. «Bederatzi urteek ziklo bat markatzen dutela iruditzen zait. Bederatziak niretzat garrantzia handiagoa dauka, erditzeko bederatzi hilabete behar baitira. Biziaren ziklo bat da», gaineratu zuen. Ninia hazi, eta iaz erditu zen beraz Malandain.

Hamar urteak, koreografoaren ustez, konpainiak, «parentesi» bat bezala biziko ditu. Maitaldia jaialdia zabaldu zuen Ballet Biarritzek ostiralean gaualdi berezia eskainiz. «Ikusgarri berria egiteko denborarik ez dugu izan. Orduan, polita iruditu zaigu konpainiaren eguneroko lana ikuskizun baten bidez ikusleei ezagutaraztea», esan zuen.

22 urteko abentura

1998an Biarritzen hasitako abentura lagunez inguratua ospatu zuen Konpainiak. Ballet Biarritzek, eta bereziki Thierry Malandain koreografoak bideraturiko lana omentzeko aukera izan zen. Horretan, koreografoak Pariseko Operako arduradunengandik jasotako gutuna goraipatu zuen. Gutunak honakoa zioen: «Zorionak ezinbestekoa bilakatu duzun konpainiari». Estatu frantseseko konpainia handienak Ballet Biarritzi ohore egiteko gutun bat helarazteko denbora hartu izana harrotasunez eta emozioz bete zuen koreografoa. Halere, Thierry Malandainen abentura duela hogeita bi urte hasi zen.

Dantzan etengabe

«Biarritzen koreografia zentroko izendapena izan genuelarik Estatuaren ezagupena lortu genuen, eta egungo ospakizunak etapa hori markatzen du, hots, ezagupenarena», argitu zuen. Ezagupen horrek, Thierry Malandain eta bere inguruan hasieratik lanean ari direnen lana erraztu zuen. Eta, geroztik, etengabe sorkuntzan eta biretan aritu dira. 1998ko irailaren 5ean, Maitaldia jaialdiaren karietan Ballet Biarritzek bere lehen agerpena egin zuen «Casse noisette» ikusgarriarekin. Ondotik, sorkuntza anitzak izan dira: 2000 urtean «Chambre D'amour», 2001an Errusiar Balletei omenaldia, 2003an «Les Créatures», 2004an «Le sang des étoiles», 2006an «Don Juan»en sorkuntza edo 2007an «La Mort du cygne» eta «Ballet mécanique» besteak beste.

Ibilbide luze hori gogora ekartzean, Thierry Malandainek zera esan zuen: «Tamalgarria bada ere, dantzan gaudenak ezin dugu gibelera so egon. Dantzan denbora mugatua da, beti urgentzian lan egitera behartuak gara. Dantzatzen ez baldin badugu, ezin gara bizi». Idazle baten obrak, zendu ondoren ere, ezagutua izateko aukera izanen du. Dantzari eta koreografo batek, berriz, egunerokotasunean aritu beharra du. Eta, lanak sortzen duen behar horri jarraituko dio ondoko urteetan Ballet Biarritzek.

«Gaur bertan, Kanadarako bidea hartuko dugu», esan zuen Malandainek. Iragana, oraina eta etorkizunaren arteko bidegurutze horretan atsedenaldirik hartzeko denborarik ez du hartuko beraz Ballet Biarritzek. Geroa geroko utzi, eta orainak jarraituko du Ballet Biarritzen urratsak finkatzen.

Giuseppe Chiavano: «Malandainekin, bai artistikoki bai pertsonalki, egokia zitzaidan koreografoa aurkitu dut»

Ballet Biarritzek zentro koreografiko izendapena izan zuenetik dantzari askok parte hartu dute Thierry Malandainen abenturan, eta horien artean hiru, gaur egun arte, leialak izan zaizkio. GARAk Giuseppe Chiavano eta Magali Praudekin mintzatzeko aukera izan zuen. Bi dantzariek Malandainekin bat egin zuten, hamar urteak «ibilbide luze baten jarraipena» baizik ez zirela esateko. Ospakizuna baliatu zuten bi dantzariek Malandaini dioten leialtasuna agerian jartzeko. Horrenbestez, dantza munduan bi motatako dantzariak zeudela argitu zuten: «Badira etengabe esperientzia eta estilo berriak bilatzen dituztenak, edo, nonbait kokatzeko beharra dutenak». Giuseppe dantzan hasi zenetik lekutzea izan da bere xede nagusia. «Malandainekin bai pertsonalki bai eta artistikoki ere egokia zitzaidan koreografo bat aurkitu dut. Konpainia batean gaudelarik denbora asko pasatzen dugu elkarrekin. Eta, talde batean egoteak harreman bereziak sortzen ditu», azpimarratu zuen.

Dantzari gisa ere gibelera begiratzeko denbora gutxi zeukatela nabarmendu zuten. «Malandainekin urtez urte lantzen aritu garen sorkuntzak anitzak izan dira. Zaila da gibelera begiratzen egotea. Dantzan ez gara sekula geldirik egoten», gaineratu zuten bi dantzariek. Giuseppek hogeita hamahiru urte eginak ditu, eta bere ustez dantzari karrera Thierry Malandainekin bukatuko du. «Hamabost bat urte daramatzat berarekin», argitu zuen. Magalik hogei bat urte zituen Ballet Biarritz taldean sartu zelarik, eta, profesional gisa bere lehenengo esperientzietako bat da. «Geroan ez dakit zer eginen dudan. Egunerokotasunean lan egiten dut, beraz, ikusiko», erran zuen.

A.B.

FIGURA HUMANA

Su material favorito era la figura humana, aunque la exposición londinense muestra algunos de los escasos paisajes que pintó Bacon.

BEDERATZI URTEZ

Bederatzi urtek Malandainen ustez ziklo berri bat markatzen dute, ez hamar urteek. Bederatzi hilabete behar baitira haur batez erditzeko. Ballet Biarritz hazi eta iaz erditu zuen, beraz, koreografoak.

EZAGUPENA

Hamar urtez Biarritzen izandako ibilbidean Ballet Biarritzen sorkuntzak anitzak izan dira. Gaur egun, konpainiak nazioarteko ezagupena lortu du. Kanadan bira hastekotan dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo