GARA > Idatzia > > Kultura

Euskaltzaindiak jardunaldiak antolatu ditu Iruñean, Nafarroa Oinezekin bat eginez


GARA | IRUÑEA

Euskaltzaindiak, Nafarroa Oinez festarekin bat eginez, ageriko ekitaldia egingo du bihar, hilaren 18an, Iruñean. Ekitaldia 19.00etan izango da, aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen duen Iruñeko Jaso ikastolan.

Ikastolako ordezkariez gain Andres Urrutia Euskaltzaindiko lehendakariak eta Aingeru Epaltza idazleak parte hartuko dute. Epaltzak «Nola konspirazioa garaitu genuen. Nafarroako euskal literatura garaikidea» mintzaldia emango du. Amaitzeko, 2008ko Nafarroa Oinezeko bideoklipa ikusi ahal izango da.

Horrez gain, Euskaltzaindiak Jagon bildumako 6. eta 7. liburuak aurkeztuko ditu Iruñean. Bildumako 6. liburuak euskara zaintzeko eredu onak ikasteko orientabide eta proposamenak eskaintzen ditu, eta Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlanaren emaitza da. Zazpigarren liburuak, «Testu antolatzaileak», euskararen egokitasuna lantzen du.

Egitaraua

Irailaren 18an bertan, Euskaltzaindiaren Corpus Batzordeak antolatuta, XII. Jagon jardunaldiak izango dira Jaso ikastolako egoitzan. «Testu antolatzaileak. Erabilera estrategikoa» gaiaren inguruan, lau alderdi jorratuko dituzte: gazteen idazkera, helduen euskalduntze eta alfabetatze mundua, hedabideen praktika eta lege eta administrazio testuak. Pello Esnal da lanaren egilea.

Jardunaldiok 12.30ean hasiko dira eta 19.00ak arte iraungo dute. Pello Esnal, Juan Luis Goikoetxea eta Andres Urrutia Euskaltzaindiko kideek, Lourdes Elosegi HABEko ordezkariak eta Lorea Agirre «Berria» egunkariko ordezkariak parte hartuko dute. Mintzaldietarako sarrera librea izango da.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo