GARA > Idatzia > > Mundua

Gosea pairatzen dutenen kopurua 850 milioitik 925 milioira igo zen 2007an

Munduan gosea pairatzen dutenen kopuruak gora egin zuen iaz. Behar adina elikatu gabeko pertsonak 75 milioi gehiago izan ziren 2007an. Arrazoietariko bat prezioen gorakada izan da. Egoerari aurre egiteko, urtean 30.000 milioi dolar beharko liratekeela ohartarazi du FAOk.

GARA |

Elikadura eta Nekazaritzako Nazio Batuen Erankudeak (FAO) ohartarazi duenez, munduan 925 milioi pertsonek ez dute behar adina elikagai. Gosea pairatzen dutenen kopuruak nabarmen egin zuen gora 2007an.

«Elikagaien prezioaren gorakada gertatu aurretik, gaizki elikatutako lagunen kopurua 850 milioikoa zen. Orain, aldiz, 925 milioi dira. Gorakada hori iaz gertatu zen, urte bakar batean, hain zuzen ere», nabarmendu zuen FAOko zuzendari Jacques Dioufek, Italiako Senatuan. Egoerari aurre egiteko, urtean 30.000 milioi dolar beharko liratekeela adierazi zuen.

«Esku artean dugun erronka handia da. 9.000 milioi pertsonari jaten emateko jaki ekoizpena bikoiztu behar dugu, eta horretarako 30.000 milioi dolar behar ditugu», adierazi zuen. Bere hitzetan, kopuru apala da Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak nekazaritza sostegantzeko ematen duen diru kopuruaren aldean; 376.000 milioi dolar. Armamentuan 1.204 milioi gastatu zituzten 2006an.

Ekainean Erroman egin zuten goi bilkuran FAO osatzen duten herrialdeek 2015erako gosea pairatzen dutenen kopurua erdira jaisteko konpromisoa hartu zuten. Adosturiko hitzarmena betetzetik nahiko urrun daude sinatzaileak. 2005 eta 2006 artean, elikagaien prezioa %12 igo zen, eta 2007an, %24. Horri eguraldiak eragindako hondamendiak gehitu behar zaizkio.

Ekainean izandako goi bilkurak arazoak konpondu baino, betiko tresnak jasotzen zituela salatu zuten orduan 900 gizarte mugimenduk eta eragilek.

FAOren porrota nabarmentzeaz gain, egungo politikak «erabat aldatzea» proposatu eta herrialdeen «janari burujabetza» eskubidea aldarrikatu zuten.

banana, gaixorik

Bananaren ekoizpena arriskuan da Ugandan. 14 milioi pertsonaren elikadura eta diru-sarrerak produktu horren menpe daude. Gobernuak eta FAOk 3.000 nekazariri laguntza eman die gaitzari aurre egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo