GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Bilboko Haur Eskoletako gurasoek Arartekoari helaraziko diote beren kexa

Bilboko Haur Eskoletako gurasoek jantoki-zerbitzurik ez dutela-eta euren kexa Arartekoari helaraziko diote gaur. Hartutako konpromisoa bete ez duen Udalari negoziatzeko prest daudela eta premia dutela adierazi diote, eta gaur erantzunen bat lortzeko protesta egingo dute.

J.M. |

Bilboko Haur Eskoletako gurasoak Udalaren azken orduko erabakiaren ondorioz jantokiko zerbitzurik ez dutela-eta kexu dira, eta horixe helaraziko diote gaur Arartekoari. Joan den asteartean Ibone Bengoetxea zinegotziarekin bildu ziren gurasoak, eta zerbitzua premiazkoa dutela jakinarazi zioten. Bide batez, matrikulazioa egiterakoan onartutako baldintzei eta zerbitzuei uko egitea ezinezkoa dela gogorarazi zioten. Udalak joan den astean hiru hilabetez zerbitzua eskaintzeko proposamena helarazi zien, baina urtarriletik aurrera gurasoek jantoki zerbitzua emateko enpresa pribatu bat kontratatzeko baldintzarekin. Gurasoek negoziatzeko asmoa agertu zioten asteartean, nahiz eta beraien azken xedea eskola publikoa eta, zehatzago, Haur Eskola publikoa pribatua baino garestiago ez izatea dela nabarmenduz.

Udaletik ez dute erantzunik jaso oraindik, nahiz eta gaiaren inguruko bilerak egiten ari diren. Orain arte egoera hau azaltzeko erabili duten argudioa Haur Eskoletarako lanpostu gehiago eskaintzeko asmoa dutela izan da; horrek jantoki zerbitzua kentzera bultzatzen dituela aditzera emanez. Gura- soek adierazi zutenez, Udalak bere jarrera aldatuko ez duen susmoa dute, eta horren adierazle izango lirateke Bizkaiko hainbat komunikabidetan gurasoen eskaera gutxietsiz egindako adierazpenak.

Larrabetzun eusten diote

Bestalde, Larrabetzuko eskolako gurasoek jantokiaren kudeaketa eskolatik bertatik egiten jarraitzeko asmoa dutela jakinarazi zuten, asteartean egindako asanbladaren ondotik. Beraz, Hezkuntza Sailari falta zaizkien bi sukaldariak jartzeko exijitzen jarraituko dute. Gaur egoera berean dauden gainerako zazpi eskolekin bilduko dira.

pribatizazioa

Eskola publikoetan gertatzen ari den pribatizazioa salatu dute hainbat tokitan; Bilboko Haur Eskoletan eta Larrabetzuko eskolan jantokia enpresen esku utzi nahi dute instituzioek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo