GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Josu Gotzon Landeta Irakaslea

Irakaskuntzak beharrezkoa duen iraultza

Negargura bizia ematen digu hainbati, ikastetxe edo institutu batean sartu, eta konturatzeak euskal komunikazioaren irakaspenaz arduratu behar duten horiek erdaraz dabiltzala

Ikasturte berria hasita, gehienok hezkuntza eleanitzaren aldeko apustuaren onurak ikusten ditugu, gure umeek zenbat eta hizkuntza gehiago menperatu orduan eta ikuspegi zabalagoa izango dutelakoan. Alabaina, gure jendartean hizkuntza guztien estatusa ez da berdina: euskararen egoera tamalgarria dela konturatzen gara, hainbatek jipoitua, baztertua, gutxietsia... bizi den hizkuntza. Hainbat esparrutatik, ostera, euskara biziberritzeko ahaleginak egin ohi dira, eta irakaskuntzaren arloan ikastetxe askok enpeinu horretan diru batzuk xahutzen dituzte. Urteen poderioz, askoren ahaleginaren bitartez aurrerapauso batzuk egin badira ere, penaz eta inpotentziaz ikusten dugu ume eta gazte askok euskararen aukera hori bazterturik erdarazko komunikazioa gurago dutela, hau da, euren komunikazio arruntean erdarak indar eta ospe on handiagoa duela beraientzat.

Sareko edukiak arakatuz, hortxe topatu ditut Gotzon Garatek egindako adierazpen batzuk. Gizon honek egundoko kezka ageri du euskararen etorkizunarekiko, eta aipatzen ari garen honetan beharrezkotzat jotzen du ikasleei ikastetxeetan euskal kontzientzia ematea. Gure herriko erakunde eta bizilagun askok kezka berbera ibili dugu buruan urteetan zehar, baina tamalez ikastetxeetan «hutsuneak bete» erako dinamika nagusitzen da, hizkuntzaren izaera komunikatibo eta kulturala hutsaren parekoa izanik. Erdara nagusi dugun gizarte diglosiko honetan, irakasle eta guraso gehienen inguruan ere erdara da nagusi, eta haien ekimen komunikatiboak zelatatzen du hori sarri. Baina bereziki negargura bizia ematen digu hainbati, ikastetxe edo institutu batean sartu, eta euskal komunikazioaren irakaspena helarazi behar duten horiek erdaraz dabiltzala konturatzeak.

Gure artean bada, egoera tamalgarri horri buelta eman guran, hamaika gizaseme, baina gure inguru hurbilean maiz susmopean eta mespretxuan murgildurik bizi garela sentitzen dugu, gure lana uneoro arbuiatuz, eta inoiz ere gure lanari trabak jartzeko inon direnik eta bide makur eta maltzurrenak bilatuz. Ikusi besterik ez dago guraso euskaltzale asko zentroetako erabaki guneetatik zokoraturik daudela, eta irakasle euskaltzaleen kasuetan, zentroz aldatzeko eskatu behar izatera edo lan kontratuak etetera ere heldu dira. Eta halako batean bi Ibilaldiren antolatzailea izan den Bizkaiko mugako ikastola bat etorri zait burura. Dirudienez, artaburu soro zurrunean ez da bestelako fruiturik eman dezakeen lore sorta koloretsurik ametitzen, bere fruitua betiko artaburu tristearen aldean ezberdina izan litekeelakoan. Denok artaburu, eta kito! Bitartean, Ibilaldiak antolatzen segituko dute, baldin eta diru etekina ematen badute; eta diru horren zati bat irakasle euskaltzale kaleratuek legez kanpoko kaleratzeen dirusariak jaso ditzaten.

Ez dago dudarik euskararen inguruan diru batzuk mugitzen direna, baina tamalez erabaki guneetan euskararekin eta euskal kulturarekin axolagabe jokatzen duten elite ilunen menpean bizi gara, ez dakit nork emandako baimen jainkotiarra medio boterea maltzurki erabiltzen dutenak. Eta horiexek dira, hain zuzen ere, hainbat ume eta gazteren eredu. Zer ikusi, hura ikasi! Gure partetik, euskaraz bizi eta euskal herritar moduan pentsatzea da irtenbide bakarra, eta gure jokabidearekin elite horiek ahalik eta lotsagarrien utzi, eta nork daki, egun batean, lotsaren lotsaz edo halabeharrez, elite izateari utziko ez ote dioten, era horretan Euskal Herriko ume eta gazteek euskal izaeraren eredua eta gizalegea eskura dezaten. Eta hori naturaltasunez eta eliterik gabe, ahal bada.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo