GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Xabier Izaga Irakaslea

Sen onaren araberako aholkuak patxadaz bizitzeko

Grebak, mobilizazioak, matxinadak...? Ez dakizula burutik pasatu ere egin. Antigualeko kontu horiek lekuz kanpo daude gaur egun, Bolivian eta horrelako herrialdeetan izan ezik


Zure multinazionaleko fabrika batek, mozkinei eutsita ere, beste leku batean horiek emendatzeko aukera duela, ez birritan pentsatu. Beste leku horretan merkeagoak izango dituzu kostuak, lursailetik hasi eta langileetaraino, zoazen lekuan lan-segurtasunean gutxiago, are gutxiago -ahal bada-, inbertituko duzula ahaztu gabe, eta ekonomiak eskertu egingo dizu. Gainera, lanpostu ugari sortuko dituzu, ez baita kapitalismoaren bokazio soziala ere ahaztu behar. Utzitako lekuan galdu egingo dira beste zenbait lanpostu, baina gauza bat da bokazio soziala eta beste bat gobernuz kanpoko erakundea izatea. Tira, enpresa halaxe da, gobernuz kanpoko erakundea, alegia, baina helburu desberdinak ditu, eta dirulaguntzen ordez, abantaila fiskal ziztrinak baino ez ditu.

Lukurreriaren... barkatu, finantzen mundu birtualeko baina eragin errealeko arduretan badiharduzu, aztertu ondo zure konpainiak eskaintzen dizkizun aukerak. Ez izan arriskuaren beldur, ausarta izan behar duzu etekinak biderkatzeko. Gainera, bide batez, jende askori lagunduko diozu hipoteka mardulak oparituz. Eta, hau bai pagotxa, txarrenean ere, zure filantropiak saria izango du. Zure ausardia ezin puztuagoa lehertzen baldin bada, guardiako banku zentralak erreskatatu egingo dizu negozioa, espekulazioa ekonomiaren izarra da eta. Eta hala egingo ez balute ere, ez arduratu. Zuk ez zenuke zentimorik galduko. Likidazioa kobratu eta azken urteetan jaso duzun presidente edo kontseilari-soldatatxoarekin opor batzuk hartzeko beste izango duzu. Ondo merezita dituzu.

Baina zer esango dizuet zuoi, ez dakizuenik? Nire aholkuak, egia esateko, munduko herritar arruntentzako dira. Hori bai, mundu librekoentzat. Ez dira niri bururatuak, hedabideetatik hartuak baizik -telebistatik bereziki-, sen onaren araberakoak, beraz.

Kontsumitu neurririk gabe; baina, langilea izanda, ez dirukoia izan, eta eutsiozu orain arteko soldatari, krisia gauza serioa baita eta, denok jotzen gaituenez, denok egin behar baitiogu aurre. Langabea baldin bazara, onar ezazu eskaintzen dizuten enplegua lan baldintzen inguruko txikikerietan bueltaka ibili gabe. Etxebizitzarik izan ez eta paperik gabeko etorkinen bat ezagutzen baduzu, sala ezazu, hura baita neurri batean gure merkatu polit honen zurrunbiloen erruduna. Azken batez, ondo dago kanpokoei laguntzea, baina lehenengo etxekoak gara, ezta?

Grebak, mobilizazioak, matxinadak...? Ez dakizkizula burutik pasatu ere egin. Antigualeko kontu horiek lekuz kanpo daude gaur egun, Bolivian eta horrelako herrialdeetan izan ezik, indioen eta modaz pasatutako iraultzaileengandik interes potoloak defenditu behar dituzte eta. Baina zuok, guk, zer interes potolo dugu defenditzeko? Ez al gara patxada ederrean bizi geure hipotekarekin, kredituekin, miseria zatiarekin?

Bai, berandu bada ere, konturatu naiz. Sobera daude aholkuok. Hurrengoan txiste bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo