GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Zoramenaren ondorio politikoak

Zorameneko astea izan da iraileko hirugarrena mundu guzti- guztiko burtsetan (sistema ezberdinen izateak ezartzen zuen suebakia ere suntsituta dagoela egun). Eta kaikuena ere konturatzen da hau ez dela bere horretan amaitu, etorriko direla zalaparta berriak, porrotak eta aieneak. Burtsen, hau da, kapitalen kasinoaren gorabehera hutsa balitz, gaitz erdi. Baina lagun batek esan zidana: «Nik bazekiat gure lantokian egiten dugunak baduela eskea munduan; baina etzekiat gure nagusiak, edo erosleak, edo beraien banku-jabeak, ez ote dituen sos guztiak galdu apustuan eta jokoan».

Guruak hasi dira esaten sistema oinarritik aldatu beharko dela, azken hamarkada eta erdiko haizealdia amaitu dela, erregulazio-aldi luze baten atarian gaudela... Eskuin muturreko «boltxebike» neoliberalak ere, Keynes berpiztera ez ezik 1921eko Lenin eta Bukharinen NEP hura berregitera behartuta daudela, alegia, Kasinoko Kapitalismoaren hondamena gainditzeko. Auskalo. Argiago dakusat ordea orain arteko egoera ekonomiko hain berezi honi estuki lotuta zeuden zenbait gorabehera politiko berehala aldatzeko zorian egon daitezkeela. Eta, gertaeren arrapaladagatik edo, ez direla oso aintzakotzat hartu egunotan, laster, gainean izan ditzakegun arren.

Lehenengoa, Inperioaren burutzaren arazoa da. Aho batez aitortzen da krisiaren eztandak mesede egiten diola Obamaren hautagaitzari. Berak ere halatsu ulertu bide du, behingoz McCain atzera uzteko ahalegin mediatiko ikusgarriari ekin baitio ekonomia ardatz duela. Baina ifrentzuari ere begiratu behar zaio segituan, presioak ere halakoak izango baititu bide berriak erabakitzerakoan. Eta, egia, F.D. Roosevelten prakak betetzeko nahikoa falta zaiola da nire irudipena.

Petrolioaren inguruko mundu likatsua litzateke bigarrena. Espekulatzeko dirua garestiago ipini delako edo, behera egin du gogotik prezioak, Zapatero eta antzekoen gozamenerako. Baina honek ere eduki dezake bere ondorio deabrutua: krisiaren eztandak ezabatzen du Israelek Irani erasotzeko zeukan eragozpen serioena, alegia, krisiaren pizgailua izango zela balizko eraso hori. Eta ekonomiaren eragin politiko-militarra ahazten ari bazitzaigun edo, lehengoan batek idazten zuena: «Edukita ere, Iranek ez luke inoiz bonba atomikoa Israelen aurka erabiliko; behar ere ez, enpresa bakarrak ere ez lukeelako xemaikorik inbertituko Israelen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo