GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Aurrekontu parte-hartzaileak eta banatzaileak eskatu ditu Elkartzenek

Administrazioak datorren urteko aurrekontuak marrazten ari dira, eta Elkartzenek beste behin parte hartzaileak eta aberastasuna banatuko dutenak izan daitezela eskatu du. Are gehiago aurten, krisiak sortzen dituen prekarietate egoerei aurre egiteko.

p017_f02.jpg

GARA |

Azken denbora honetan bolo-bolo dabilen krisi garaian, Elkartzenek, inoiz baino gehiago, oinarrizko jo ditu aurrekontu parte-hartzaileak bultzatzea eta aberastasunaren banatzea. Gisa honetan, Euskal Herriko eskubide sozialen aldeko mugimenduaren iritziz, txirotasun, marjinazio eta prekarietate egoerak sahiestu daitezke.

Euren hitzetan, parlamentuek, aldundiek eta udalek bi aukera dituzten: «diru publikoa ekimen pribatuetara bideratzea, bere irabaziak berreskuratu eta sistema ekonomikoa suspertzeko; edota gastu sozialean inbertitzea, krisiak sortzen dituen prekarietate egoerei aurre egin eta biztaleriaren ongizatea bermatzeko».

Elkartzenek, noski, bigarren aukera honen aldeko apustua egiten du, eta bide horretan administrazioei aurrekontuak egitean prozesu parte-hartzaileak abian jar ditzaten eskatu du. «Ekonomia demokratizatzeaz ari gara; bere esfortzuarekin egunero herri hau aurrera ateratzen duen biztanleriaren gehiengoak parte hartu eta erabaki behar du lana nola bermatu eta nola banatu aberastasuna», adierazi dute.

Ziur daude gainera herritarrak erabakitzeko eskubidea izanez gero, aberastasuna banatuko luketen aurrekontuak izango liratekeela. «Jendeak nahiago du gastu sozialean inbertitu eta ez AHTn, Guggenheimetan, superportuetan...», esan dute.

Elkartzeneko kideek gutxieneko batzuk zehaztu dituzte aberastasuna banatuko duten aurrekontuak lortzeko. Lehenik eta behin, oinarrizko jo dute gastu soziala handitzea, bai zenbaki absolutuetan bai eta BPG-ren portzentaian. Halaber, etxebizitza eskubidea bermatzeko dirua jartzea exijitu dute, gehiago eraiki gabe. Horretarako, hutsik dauden etxebizitzen erabilera bultzatzea eskatu dute, alokairuan joango diren pertsonen diru sarrerak haintzat hartuz eta alokairuen prezioak mugatuz.

Baina benetan aberastasuna banatuko duten aurrekontuak izateko beste bi baldintza ere zehaztu dituzte: batetik, herritar guztiei pobreziaren mailaren gainetik dauden diru sarrerak bermatzea, eta, bestetik, zerbitzu publikoen pribatitazioa etetea. «Herritar guztiei bermatu behar zaizkie osasun, hezkuntza, haurreskola eta eguneko zentruen zerbitzuak», nabarmendu dute.

Orain da garaia

Gasteiz eta Iruñeako parlamentuak, aldundiak eta udaletxeak orain ari dira datorren urteko aurrekontuak marrazten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo