GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Erronka askorekin abiatu du EHGAMek ikasturte berria Les-Gay-Trans kanpaldian

Hiru egunez ardura eragiten dieten gaiak jorratu eta aisialdirako makina bat ekimenekin igaro dute Oiartzunen Les-Gay-Trans kanpaldia. Helburua: «homofobia eta lesfobiarik gabeko gune ludikoa eratzea».

p018_f02_111x111.jpg

GARA |

EHGAMeko kideek jada ohitura bilakatu duten Les-Gay-Trans kanpaldiarekin abiarazi dute ikasturte berria. Dagoeneko 17. urtea da gisa honetako ekimen bat antolatzen dutela.

Ostiralean hasi eta atzo arratsaldera arte 200 bat lagunek bisitatu dute «homofobia, lesfobia eta, transfobiarik gabeko eremu utopikoa hau».

Oiartzungo Arritxulon egon dira, eta Mikel Martin EHGAMeko kideak aditzera eman duenez, kanpaldiaren nondik norakoekin gustura gelditu dira parte hartzaileak.

Hiru egunez, kanpaldira gerturatu direnek egun ardura eragiten duten gaiak jorratu dituzte: familia homoparentalak, emakumeen ikusgarritasun eza... Baina, batez ere, elkargunerako eta ondo pasatzeko gune bat eratu nahi izan dutela nabarmendu du Martinek. Hala, mendi ibilaldiak, yoga tailerrak, jaia... egin dituzte. Aspertzeko betarik gabe izan dira, beraz, Euskal Herriko makina bat txokotatik nahiz kanpotik etorritako lagunak.

Erronka ugari

Ikasturte berriari dagokionean, urteroko legez, homofobia, lesfobia eta transfobia salatzen eta ikustarazten, eta aniztasun sexualaren aldeko aldarrikapenekin jarraituko dutela aurreratu du EHGAMeko kideak. Baina aurten bestelako erronkak ere badituzte, besteren artean, «transexualitatea pertsonaren aukera dela ikustaraztea eta patologizatzeko eta medikalizatzeko dagoen joera horri aurre egitea».

Aldi berean, «gutxiengoak aintzat hartzea» oinarrizkoa da EHGAMentzat. «32 urteko historian lortu dugu gay eta lesbianez hitz egin dadin, baina badira oraindik ere ezkutuan dauden errealitate eta aukerak eta horiek mahaiaren gainean jarri behar dira, esaterako, transexualitatea eta intersexualitatea», nabarmendu dute.

Lan munduan homofobia, lesfobia eta transfobia salatzea eta heziketaren bidean sakontzea izango dira, halaber, EHGAMek ikasturte berri honetan izango dituen beste bi erronka nagusiak.

zineman

Zinemaldiaren aitzakitan gaur hitzaldia egingo dute Koldo Mitxelenan zineman antzematen den homofobia eta lesfobia gai hartuta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo