GARA > Idatzia > > Kultura

«Genova», gertaera latz baten ondotik bizitza berri bati ekiteko aukera

Ama hiltzen denean, Joek eta bere bi alabek Estatu Batuak utzi eta Italiara jotzen dute bizitza berri baten bila. Kellyk lagunak egin eta hiriko bizimodua ezagutzen du, baina Mary txikiak ama ikusten du kaleetan. Horixe da, labur-labur kontatuta, «Genova» filmaren istorioa.

p043_f03_111x111.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Zinemaldian dagoeneko ezaguna den Michael Winterbottom zuzendariak atzoko emanaldiaren ondotik adierazi zuenez, egunerokotasuna azaltzen da «Genova» familia-draman, apaingarri handirik gabe. Errodajea ere naturaltasunez eta giro xumean egin zutela gaineratu zuen aitaren papera egiten duen Colin Firth aktore britainiarrak: «Ez zegoen argiteriarik, soinu berezirik, arropa konplexurik, ezta jende askorik ere». Baliabide tekniko handiegirik gabe grabatutako pelikula honetan, zinegileak ikusleak sendiaren afektibitate arazoetan sartzea nahi du. Horretarako, ezinegon eta arrisku etengabea erakusten du. Publikoa kezkaturik dago pertsonaiengatik: emozionalki ongi egonen diren, bizitza berri bat hasiko duten eta zer gertatuko den beraiekin.

Eguneroko aldaketa txikiak

Alabekin autoan doala amak bizia galtzen duenean, Kelly eta Mary hileta elizkizunetara joaten dira, terapia egiten dute, negar... Baina, Firthek argitu zuenez, Urrezko Maskorra irabazteko lehian dagoen filmak ez dio min horri arreta jartzen. Gertaera latzaren ondoren bizitzak aurrera nola joan behar duen azaltzen du: jan behar dute, eginbeharrak bete... Beren eguneroko aldaketa txikiak ikusten dira. Bakoitzak bere erara sufritzen du amaren faltagatik, denak isolaturik daude minarengatik, ez daude beti negarrez, barrenean samin handia dute, ordea. Winterbottonen arabera, «prekarietate sentimendua» ageri da film osoan, dena ez da amaiera perfekturako edo onerako bidea.

Colin Firth lan franko egina da zinean, telebistan eta antzerkian. «Genova»-rekin batera, Universal Pictures-en "Mamma Mia", Abbaren musikalaren egokitzapena, errodatzen aritu zen, Meryl Streep, Pierce Brosnan eta Stellan Skarsgardekin, Phyllida Lloyden zuzendaritzapean. «Londresen dantzako pausoak entseatu eta gero Genovara joaten nintzen apartamentu batean familia honekin sartzera, familia bat baikinen azken batean», kontatu zuen. Anitz gozatu omen zuen bi filmetan, baina bat aukeratzekotan gehiago gustatzen omen zaio Michael Winterbottom herrikidearekin izan zuten lan egiteko modua.

Bizileku berrira egokitzen

Istorioa Genovan kokatzeko arrazoiaz galdetuta, zuzendariak gogora ekarri zuen egun batean Italiako hiri hori bisitatzera joan zela eta interesgarria iruditu zitzaiola. Gerora behin baino gehiagotan itzuli da bi alabekin (filmeko protagonistak bezala, bi alaba baititu berak ere). Gidoia idatzi zuenean, Genovan hagitz ongi egokitzen zela ikusi zuen. Familia baten gorabeherak azaltzen dira, eta zuzendariak kontatu zuenez, sendi asko daude Joe, Kelly eta Maryrena bezalakoak, hau da, aita britainiarra dutenak, Estatu Batuetan bizi direnak eta Ameriketatik urruntzen direnak. Estatu Batuetan ohituta zegoen Joe, eta orain berriz moldatu behar du Italian. Interesgarria deritzo horri «Un corazón invencible» eta «Tristam Shandi: A Cock & Bull Story» lanak ere egin dituen zuzendariak.

«Bridget Jones» komedia ezagunean parte hartu duen Colin Firth iritzi berekoa da. Kontinente batean baino gehiagotan jaiotakoa da bere familia. Gainera, italiar batekin ezkonduta dago eta semea Kanadan bizi da. «Ni britainiarra naiz, eta filma ere bai, baina ez diot horri garrantzirik ematen, munduan dena baitago nahastuta, era konplikatuan nahastuta ere», jakinarazi zuen.

Italian daudenez eta familiako kideak hasieran turista bezala joaten direnez, ezin zen saihestu erlijioaren (batez ere katolikoaren) sinboloak agertzea. Iritsi berritan, lagun historialari batek hiria erakusten die, eliza eta ikur erlijioso ugari tartean. Mary alaba txikiak amarekin egon nahi duenez, sentimendu horrekin lotzen ditu ikusten dituen sinboloak.

Charlie Kaufmanen «Synecdoche, New York» dramaren errodajea bukatu berri duen Katherine Keenerrek egiten du lagun historialariaren, Barbararen, papera. Alaba zaharrenari bizia ematen diona, berriz, Willa Holland da, «The OC» lanagatik ezaguna. Azkenaldian, «The Middle of Nowhere»-n aritu da Susan Sarandonekin. Azkenik, Mary Perla Haney-Jardine hamar urteko neskatoa da, Quentin Tarantinoren «Kill Bill: Vol. 2»ean debuta egin zuena.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo