GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Bide errepresiboaren menpekotasunak

Atzo Ipar Euskal Herrian Polizia frantsesak ezker abertzalearen aurkako operazioa burutu zuen. Egunsentian hasi eta egun osoan zehar iraun zuen operazio horretan 14 euskal herritar atxilotu zituen Poliziak, Batasunaren bozeramaile lanetan ibili diren edota Mahai Nazionaleko kide izan diren zenbait pertsona barne. Operazioaren barruan, alderdi horrek Baionan duen egoitza ere miatu zuen Poliziak. Hartara, nekez uka daiteke operazioaren jomuga Batasuna denik. Barne Ministerio frantsesak egindako adierazpenen arabera, ordea, atxilotuak EHAKren diru iturriekin eta kale borrokarekin lotura dute. Alfredo Perez Rubalcabak eta Michele Alliot-Mariek batera eman zuten prentsaurrekoan ministro espainiarrak atxilotuak «ezker abertzale biolentoaren» kide direla esan zuen eta Alliot-Mariek ez zuen azalpen gehiagorik eman nahi izan, kazetariek frantses Estatuan Batasunaren ilegalizazioaren lehen urratsa izan daitekeela iradoki zioten arren.

Estatu frantsesaren jokabide hau gutxienez bi ikuspuntu desberdinetatik uler daiteke. Epe motzean, gatazkaren gorabeheren ondorio gisa uler daiteke atzoko operazioa eta, zehatzago, azken asteko atentatuen eta Estatu frantsesean izandako atxiloketen ondorio gisa uler daitezke. Estatuek jasandako eraso zehatzei emandako erantzun zehatz gisa uler daitezke, alegia. Uneotan Gobernu espainolaren diskurtso errepresiboaren barruan polizia ekintza jakin hau laguntza handikoa izan daitekeen arren, epe luzeagoa kontuan hartuz gero nabarmena da operazioa Estatu frantsesak historikoki euskal abertzaletasunaren aurka erabili duen estrategia errepresiboan kokatzen dela, bete-betean gainera. GALen garaietatik gaur egun arte.

Nolanahi ere, kezkagarria da Estatu frantsesak euskal auzian Gobernu espainolarekiko hartzen duen menpeko jarrera. Parisek duen ardura estaltzeko Madrilek darabilen errepresio bide zoroan sartzeak gatazkaren izaera politikoa eta nazionala ukatzea bilatzen du, demokraziaren eta justiziaren lepotik bada ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo