GARA > Idatzia > > Ekonomia

LAB: «Nafarroan patronala irabaziak lortzen ari da prekarietatea bultzatuz»

GARA |

«Krisi ekonomikoa aitzakiatzat hartuz eta langileen eskubideak urrituz» Nafarroako patronala irabaziak lortzen jarraitzen dabilela salatu zuen atzo LABek.

«Ustezko egoera ekonomiko onaren garaian patronalak irabazi ikusgarriak» lortu zituela aditzera eman zuen Igor Arroyok, Nafarroako LAB sindikatuko bozeramaileak. Hala ere, azken hamarkadako hazkunde handiak «ez du langileen lan-baldintzen hobekuntzarik ekarri; alderantziz, prekarietatea sorrarazi du», erantsi zuen.

Hortaz, langileen egoera okerrera doala uste du LABek. «Nafarroako langileok bizi dugun egiazko krisia hauxe da: aldi baterakoen indizea %30ekoa da; elikagaien, erregaien eta hipoteken prezioek gora egin dute; laneko ezbehar-tasa endemikoa da eta ezinezkoa da etxebizitza duina lortzea», azpimarratu zuen Arroyok.

Horrez gain, «Nafarroako Gobernuak aurten egin behar duen %3,5eko gastu publikoen murriztearen eta datorren urterako egin den aurrekontu zorrotzaren ondorioz, hezkuntzarako, osasunerako, babes sozialerako eta gizarte-zerbitzuetarako erabili behar den dirua gutxitu egingo da», azpimarratu zuen.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak langileen dirua enpresariei ematen diela salatu zuen bozeramaileak. «Nafarroako gobernuak, lehenik eta behin, enpresariei zergak murrizten dizkie, ondoren, inbertsio publikoa murrizten du eta, azkenik, enpresentzako laguntzak areagotzen ditu. Hori guztia krisiari aurre egiteko aitzakiarekin», azpimarratu zuen. «UPN-CDNren gobernua, PSNren laguntzarekin, patronalaren gobernua da. Eta, tamalez, UGTri eta CCOOri eusten laguntzen jarraitzen dute», gehitu zuen.

Faltsukeriak

Nafarroako Gobernuko presidentearen jokabidea «lotsagabekeriatzat» jo zuen Arroyok. «Sanz jaunak langile gehienek baino lau aldiz gehiago irabazten du eta 400 eurorekin afari bat ordaintzeko baino ez dela iristen aipatzen du. Kopuru hori langile askoren, eta bereziki emakume langileen, soldataren erdia da», adierazi zuen.

Arroyok, halaber, Nafarroako Gobernuaren eta Parlamentuaren «faltsukeria» salatu zuen. Izan ere, «era inplizituan, neurrizko soldatak bultzatuz, nafar gizartearen eredu izan nahi duten bitartean, soldata pribilegiatuak dituzte eta patronalaren aldeko neurria onartzen dute».

LABek mobilizazioak bultzatuko ditu lantegietan, «patronalaren txantajearen aurrean amore eman gabe», langileen eskubideak sendo defendatzeko. Bestalde, Nafarroako Parlamentuaren lehen osoko bilkura dela-eta, sindikatuak kontzentrazioa egingo du gaur, 09.15ean, eraikinaren aurrean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo