GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Larrua hesian gozatu

Zenbat eta gehiago saiatu euskal lurraldeetako politika ulertzen, gero eta ezjakinago sentitzen naiz. Gasteizeko Legebiltzarreko herenegungo osoko bilkura daukat horren seinale. Orain arte nire ohiko hizkeran subjektibo hitza ezbai bati zuzenean heldu gura ez nionean erabili izan dut, aitzakia edo, ezbaiari artez eutsi nahi izan diodanean, objektibo izan naizelarik. Hau da, hitz hura modu subjektiboan erabili dut eta hitz hau, ordea, modu objektiboan. Baina, egia esan, ez dakit zergatik. Herenegungoak eman dit gogoetarako motiboa. Nire helburu politikoa, eta osasunekoa, subjektua izatea bada, erabakitzekoa jakina!, eta ez objektua, beste batzuen erabakiena, zergatik objektiboa izan behar? Nik subjektiboa nahi dut izan! Subjektua! Eta subjektiboa izateko erabakia nahi dut neugan izan, adarretatik ibili gabe, objektiboa izan gabe. Demonio! Tira, harira! Eskandinavia hartu dute jelkideek erreferente euren 2020ko Euskadirentzat, Finlandia batez ere. Eredu sozialean erreferente; han izotza eta hemen soldatak izoztu. Pasaiako kanpo-portuan erreferente. Nuklearrean erreferente hartuko ere, seguruenik, horretarako zirrikiturik txikerrena aurkitzen badute behinik behin; progresoa! esango zuen lehendakariak obren inaugurazioan, galdeketarako ateak zabalik dirauela berriro gogoratuko zuela, hizkeraren komodina legez. Azken egunotakoa gogoan, lanbide-eskoletako ikasleek, kasurako, armak eramateko baimen kontuetan ere erreferente hartuko? Demontre! Hobe lukete jelkideok, lehendakariaren hitzen aldekoek sikiera, Hegoamerika hartzea erreferente Eskandinavia barik. Izan ere, «los límites de la alambrada» deskubritu berri ditu horrek azken ezetzaren epaian. Ez, ez da Zinemaldiko euskal western bat, gaztelerara itzulia, ez; hemengo politika-seriearen oraingo atala da, fikziotik urrun, errealitatetik gertuegi, beldurrik bat ere ez, barreak bat baino gehiago, tragikomedia azken batean. Eta Txileko kantari erailaren kantua gogoan: a desalambrar, a desalambrar... Noiz hasiko dira, sinaduraz gain, larrua, eurena jakina, alanbre-hesian uzten, hesia gainditu nahi izanaren seinale? Atera bitez mundura, landa-eremura, Forondarako gaurko bidea baliatuta, eta ikusi bezate landetako alanbre-hesietan diren artileak, atrebentziaren marka! Eskandinavian ezin da oso diferentea izan, horretan sikiera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo