GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-zulatzea

Txorierriko zulatzaileek irabazi dute Binakako Txapelketa

J.L. | DONOSTIA

Txorierri taldeko Aurrekoetxeak eta De la Concepcionek lortu zuten Binakako Txapelketa irabaztea herenegun arratsaldean, Urnietan. Gipuzkoako herri horretan sekulako jendetza batu zen, norgehiagoka zuzenean ikusi ahal izateko.

Lizarribar eta Isuskiza, Jaizubia taldekoak, agertzen ziren faborito moduan, baina neurketa estu baten ostean bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Amaieran bi zentimetrok erabaki zuten auzia, eta Txorierrikoak ahal izan zuten txapela jantzi. Hurrengo bi postuak ere oso gertu izan ziren. Lehenengotik hirugarrengora hiru zentimetro bakarrik egon ziren, eta laugarrengora sei. Hortik atzera tarte handiagoa izan zen.

Hortaz, Aurrekoetxea eta De la Concepcion izan ziren txapeldun, 13 zulo eta 9,8 zentimetro zulatuta. Bigarren, Isuzkizak eta Lizarribarrek amaitu zuten 13 zulo eta 7,9 zentimetro zulatuta. Hirugarren, berriz, Arana eta Calabazo sailkatu ziren, 13 zulo eta 6,5 zentimetro zulatuta. Laugarren, Serrano eta Munueta sailkatu ziren, 13 zulo eta 3,7 zentimetro zulatuta. Bosgarren Hidalgo eta Gomez izan ziren 12 zulo eta 4,6 zentimetro zulatuta, eta azkena, berriz, Garcia eta Gutierrez 11 zulo eta 5,8 zentimetro eginda.

Bestalde, Uharte Arakilen jokatu zen bakarkako kanporaketa, eta Serranok lortu zuen garaipena bost zulo eta 7,5 zentimetro eginda. Finala jokatzeko moduko marka egin zuen. Calleja eta Gartzia sailkatu ziren haren atzetik, lau zulo eginda, eta hauek ere badituzte aukerak.

Etxegarai

Etxegaraik irabazi zuen Igantzin jokatu zen Nafarroako Lokotx-biltze Txapelketa. Lehia estua izan zen, izan ere, bigarren sailkatu zena, Irazoki, lau segundora izan baitzuen. Garaielak 6 minutu eta 4 segundo behar izan zituen lan guztiak amaitzeko. Irazoki Igantzi bertakoa zen, eta honek ere gertu izan zuen txapela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo