GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Sakabanatu egin dituzte AABetako eta Askatasuneko espetxeratuak

Askatasunaren eta Amnistiaren Aldeko Batzordeen (AAB) kontrako epaiketa amaitu zenetik Soto del Real espetxe madrildarrean aurkitzen ziren hamaika lagunak Estatu espainoleko presondegi desberdinetara eraman dituzte, guztiak sakabanatuz. Egun, Euskal Herritik 430 kilometrotara aurkitzen dira, batez beste. Hamaika preso hauen dispertsioak agerian uzten du egun 753 euskal preso politikok osatzen duen kolektiboa jasaten ari den egoera zein den.

p010_f01_111x111.jpg

GARA |

Espetxe politikak euskal preso politikoengan eta beraien senideengan dituen ondorioak ezagunak dira oso, nahiz eta batzuetan zaila egiten den horien neurriaz jabetzea. Hilaren 18an Auzitegi Nazional espainolak bukatutzat jo zuen Gestoras eta Askatasunaren aurkako epaiketa eta espetxe politika horren salaketan buru-belarri lanean aritu diren hogeita bat militante gogor zigortu zituen; horietako hamaika, gainera, presondegian sartu zituzten berehala. «Errepresioaren testigu deseroso» gisa aurkeztu diren herritar hauek beren larruan pairatu dituzte berriki espetxe politikaren eraginak.

Epaia publiko egin bezain laster, Juan Mari Olano, Julen Zelarain, Aitor Jugo, Txema Olabarrieta, Asier Virumbrales, Sabin Juaristi, Felipe Arriaga, Iñaki Loizaga, Alex Velasco, Gorka Txokarro eta Gotzon Amaro Soto del Real espetxe madrildarrean sartu zituzten preso. Hamar egun inguru igaro dira ordutik, eta amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi du lekualdatu dituztela jada, eta lurralde espainolean barrena dispertsatuz, bata bestearengandik banandu dituztela guztiak.

Hamaika euskal herritarren sakabanaketa honek espetxe politikaren «krudelkeria» agerian uzten du errepresioaren aurkako mugimenduaren iritziz, eta, are gehiago, politika hori «muturreraino eramateko apustua» ikusten du bertan.

Egun, 753 preso politiko

Joan den ostiralean itxitako balantzearen arabera 753 euskal preso politiko dira une honetan espetxeraturik. Iban Apaolaza beasaindarra Kanadako Riviere de Praires espetxean aurkitzen da preso eta GARAri eskainitako elkarrizketan «gogorrena, bere senditik eta herritik banatzen duen distantzia dela» aitortu zuen. Estatu frantsesean preso daudenak 157 dira; eta gainontzeko 595ak Estatu espainoleko presondegietan daude sakabanatuta.

Espetxe politikaren zutabeetako bat sakabanaketa bera dela nabarmendu du amnistiaren aldeko mugimenduak komunikabideei igorritako oharrean, salatuz «mendekuan» oinarritzen dela, eta preso politikoen senideak eta lagunak «zigortzera bideratuta» dagoela.

Astero-astero senideak ikusteko milaka kilometro egin behar izateak hainbeste euskal herritarrei galera ekonomiko eta fisiko «ikaragarriak» dakarzkiela ohartarazi du; eta dispertsioa martxan jarri zenetik errepideetan senide eta lagunek izandako istripuak gogorarazi ditu.

Ondorio hauek guztiak, sakabanaketa politika diseinatu zenean «ondo baino hobeto neurtu» zituzten, amnistiaren aldeko mugimenduaren iritziz, eta sakabanaketa politikak egun ere segitzeko eta are gogortzeko arrazoia «ondorio hauek eragin nahi izatea» dela salatu du.

ELKARTASUNA

Euskal presoen alde elkarretaratzeak egin zituzten atzo hainbat herritan, hala nola: Ondarroa (52), Santurtzi (80), Berango (20), Altza (21), Ataun (30), Zaldibia (25), Laudio (42), Astigarraga (8), Euba (8), Añorga (14), Oiartzun (40) eta Astrabuduan (16). Azken herri horretan Jon Bilbao Moro askatzeko ere eskatu zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo