GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Zer gehiago espero duzu, bada?

Ezagutzen zaitudala uste dut. Ez nago oso ziur baina aspalditik zaude hemen ezta? Zure aurpegia ezaguna egiten zait, baina ez naiz gai sentitzen zure adina eta bizitokia zeintzuk diren gogoratzeko.

A! Bai! Orain bai! Duela 25 urte ezagutu genuen elkar, orduan etorri zinen Euskal Herrira, eta hamalau urtetik hona, uda oro bat egiten dugu 15 egunez edo hilabetez luzatzen diren ikastaro horietan. Zitala da nire memoria gero! Atzo bertan egin genuen azken agurra eta dagoeneko ez daukat bezperan gertatutakoak garunean jasotzeko ahalmenik. Alzheimerraren probak egitea izango da onena.

Ezagutzen zaitudala uste dut. Ez nago oso ziur baina aspalditik zaude hemen ezta? Zure aurpegia ezaguna egiten zait, baina oraingoz ez dakit ziur nor zaren. Badakit badirela urte batzuk Euskal Herrira etorri zinela, baina ezer gehiagorik ez, amaren baserri ondoko bizilagunak kontatutako zertzelada soil batzuez baino ez naiz oroitzen. Hori bai, ziur dakit jende andanak esaten duela guztiok dakigula dena zutaz, baina bada oraindik ezkutuan gordetzen duzun alde bat, baietz? Guztiok daukagu bizitzan ezagutzen ez dugun zati bat baina, zureak interes berezia piztu du herritarrengan. Nik oso memoria ona daukat, eta gauza horiek ez zaizkit hain erraz ahazten. Atzo arte Basagainen egona zara ezta? Xabierrek esan zidan iraileko azken hamabostaldia igaro duzula bertan eta abuztuan Munoaundiko inguruari ere bisita egin diozula.

Ezagutzen zaitudala uste dut. Ez nago oso ziur baina aspalditik zaude hemen ezta? Ene bada! Nola ez naiz ba lehenago konturatu! Gure aurrekontuen zati bat jasotzen duena zara eta! Badakizu urtetik urtera gauzak okerrago daudela, krisia, langabezia, etxebizitzaren igoera... Zulo asko ditu gure Gobernuak estaltzeke eta, tamalez, ezin gara leku guztietara iritsi. Gainera, zure historiaz nahikoa badakigu dagoeneko; ez dugu askoz gehiago behar. Denok dakigu Burdin Aroa zarela, orain dela milaka urte etorri zinela Euskal Herrira eta mende laurdena igaro dutela Xabierrek eta haren lagunek zure iragana aztertzen. Zer gehiago espero duzu, bada?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo