GARA > Idatzia > > Kultura

Kultura-aniztasunaren jaialdiaren seigarren edizioa berritasunez beteta heldu da Baionara

Lapurdiko hiriburuko kultura-aniztasunaren erakustaldi jostagarria izan nahi duen Baiona Festibala urriaren 19an izanen da aurten. Herritarrek berrikuntzak egin dituzte tokiari eta antolaketari dagokienez.

p042_f01_21903.jpg

Idoia ERASO | BAIONA

«Herritarrentzat eta herritarrek egina den auzo-jaialdia». Horrelaxe definitu dute antolatzaileek Baiona Jaialdia. Hiriko iparraldeko auzoetako ezaugarri nagusietarikoa kultura-aniztasuna da eta horixe erakutsi nahian antolatu dute herritarrek festibala. Bestaren seigarren edizioak berrikuntza ugari izango ditu.

Alde batetik jai nagusia egun bakar batean eginen da eta egun horretan ospatuko dira bestako izar nagusiak, hots, gastronomia-lehiaketa eta hizkuntzen merkatua. Bigarren berrikuntza hizkuntzen ospakizunekin dago lotuta. Izan ere orain arte hizkuntzen besta zena aurten merkatu bilakatuko baita. Aurreko edizioetan egin zen bezala, Baionako eskuinaldean erabili ohi diren 35 hizkuntzetako batzuen adierazgarri izanen da eta hizkuntza horietarik nozio batzuk jasotzeko aukera ere eskainiko da. Baina aurten horretaz gain, hizkuntza horietan idatzitako liburuak eta musika erosi ahal izango dira.

Hirugarren berrikuntza tokiari dagokio, Gurutze Saindua eta Izpiritu Saindua auzoen artean dagoen frontoian izanen baita ospakizuna.

Jai nagusiaz gain, beste bi ekimen txiki ere antolatu dira aurtengo festibalerako. Lehena jaialdiaren aurkezpena eta hasiera izanen da, urriaren 3an. Egun horretan Albert Camus kolegioko ikasleek, joan den ikasturtean prestatu zuten «Ma famille» antzezlana eskainiko dute. Carlos Liscano idazle latinoamerikarrak sortutako lanaren bertsio frantsesa izanen da lehenik. Aperitibo kultura-anitzaren ondoren Cannesen sari nagusia irabazi zuen «Entre les murs» filma eskainiko da L'Atalante zinema-aretoan.

Urriaren 11n hiriko hainbat txokoren historia eta pasadizoak ezagutzeko aukera eskainiko da autobusean egingo den itzuli batean. Manu Castiellak Aturri ibaiko eskuinaldean dauden «historia handiaren istorio txikiak» kontatuko dizkie ibilbidea berarekin egitera animatzen diren guztiei.

Aurreko edizioetan, egun nagusiaren bezperan egin ziren kontzertuak urriaren 19an bertan izanen dira aurten. Munduko musika eta dantzak jendea inguratuz eta giroa berotuz ibiliko dira hainbat ekitaldiren artean itzuliak ematen.

Hizkuntzen merkatua

2005ean hiriko auzo herrikoietan egindako erroldak emandako emaitzen arabera, bertan, hogeita hamabost hizkuntza erabiltzen dira egunero. Horren karietara, jaialdian ahalik eta hizkuntza-kopuru handienak parte hartzea da antolatzaileen helburua. Oraingoz hamabost hizkuntza izanen dira eta dozena batek bere liburuska berezia izanen du, non eguneroko bizitzan behar diren hitz eta esaldien itzulpena bilduko den.

Literaturak ere izanen du bere txokoa, salmentarako postuak izanen dira, eta bestalde hamar bat idazle ere bertan izanen dira hizkuntza horien ordezkari gisa.

Bestelako jarduerak ere antolatu dituzte. Borroka elkarteak munduan diren gudukatzeko eretan erabili ohi diren arauen berri emanen dute. Dantza kreolak eta italiarrez egindako hitz-jokoak ere antolatuko dira.

Herri-bazkariaren lehengai nagusia izanen den txapelketa gastronomikoak ere izanen du bere tokia jaialdian. Eta arratsaldean jada, Patxi Perezek Dantza Pikorekin emanen dio bukaera egunari eta jaiari.

Fitxa

Tokia: Gurutze Sainduko frontoia, Izpiritu Saindua eta Gurutze Sainduko auzoen artean (Baiona).

Data: Bihar, 11n eta 19an.

Antolatzailea: Baiona Festibala elkartea.

Informazio gehiago:

http://festivalbaiona.hautetfort.com

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo