GARA > Idatzia > > Kirolak

SURFA Billabong Pro txapelketa

Aranburuk etekina atera dio Mundakaren itzulerari

Zarauztarrak Chris Ward menderatu zuen bigarren kanporaketan. Trojaola, Collazo eta San Segundo, kalera.

p029_f01_555x555.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Eneko Acero eta Aritz Aranburu izango dira gaur Mundakako Billabong Pro txapelketaren hirugarren kanporaketan uretaratuko diren surflari euskaldunak. Bizkaitarrak Kelly Slater zortzi aldiz munduko txapeldun izan den kaliforniarraren aurka neurtuko ditu indarrak zortzigarren txandan eta gipuzkoarrak, berriz, Bede Durbidge munduko rankingean hirugarren postuan dagoen australiarraren kontra hamahirugarrenean. Surflariak 08.30etan daude deituta lanean hasteko.

Iragarpenek bete-betean asmatu zuten eta, atzo bai, Mundakako ezker olatuak ikusgarri lehertu zuen. Metro eta erdi inguruko olatuekin, bigarren kanporaketa osoa eta hirugarreneko lau txanda jokatu zituzten dual match izeneko formatuan: 40 minutuko bi txanda batera jokatzen dira uretan eta bakoitzak 20 minutuz izaten du olatu onenak hartzeko lehentasuna. Denbora berean txanda gehiago jokatzeko modu bat da.

Euskaldunei dagokionez, albiste pozgarriena Aritz Aranburuk eman zuen Chris Ward surflari estatubatuarra ozta-ozta menderatuta. Zarauztarrak maila aipagarriko bi olatu hartu eta ongi zukutu zituen, tubotxo bat, hainbat maniobra eta floater ikusgarri bat kateatuz. Gauzak zail izango ditu gaur, Durbidge australiarrak itxura oso sendoa eman zuelako atzo, baina Aranburuk ezustekoa eman nahi du.

Txaber Trojaola, bikain

Atzo lehian sartu ziren beste hiru euskaldunek ez zuten horrenbeste zorte izan, baina haien lana ere aipagarria izan zen, batez ere, Txaber Trojaolarena. Bakiotarrak ohola apurtu zuen bere txandan, baina hala ere 8.17ko olatu bat hartu eta CJ Hobgood estatubatuarra, munduko rankingean zortzigarrena, ederki estutu zuen. Bigarren olatu on baten faltan gelditu zen euskalduna, baina amerikarrak bere burua «kanporatuta eta maletarekin etxera bidean» ikusi zuela onartu zuen.

«Pena bat izan da. Olatu oso on bat neukan eta bigarrenaren bila ibili naiz jo eta ke. Ohola apurtu dut, oraindik eta denbora gutxiago geratzen zitzaidan, baina hala ere azkenean olatu bat etorri zait. Saiatu naiz, baina tuboaren barruan erori egin naiz eta hortxe amaitu da kontua», adierazi zuen Trojaolak.

Marcos San Segundo eta Hodei Collazo zarauztarrek, bestalde, aukera gutxiago izan zituzten kanporaketa gainditu ahal izateko. San Segundo gaztea gogotik saiatu zen, baina Adriano Da Souza brasildarra sasoi-puntu bikainean dago eta, munduko bost onenen artean sartzeko lehian buru-belarri sartuta, ez zuen barkatu. Collazok, aldiz, olatu on baten zain itxarotea erabaki zuen Hossegorren irabazi berria den Adrian Buchan australiarra menderatzeko, baina azkenean ez zitzaion bat bera ere sartu.

Gainontzean, eguneko albiste nagusia Royden Brison hegoafrikarrak lortutako puntuazioa izan zen. Damien Hobgood estatubatuarraren kontra 19.37 puntu batu zituen, tartean hamar puntuko olatu «perfektu» bat hartuta, eta bere aurkariak agur esan zion lehiaketari 17.26 puntu lortu arren. Hurrengo kanporaketan, Brysonek CJ Hobgood beste anaiaren aurka neurtuko ditu indarrak.

NEURKETA ZAILAK

Historian lehen aldiz bi euskaldun sartu dira WCT txapelketa bateko hirugarren kanporaketan. Eneko Acerok Kelly Slater ahalguztidunaren aurka neurtuko ditu indarrak eta Aritz Aranburuk Bede Durbidge-n kontra. Slaterrek bere munduko bederatzigarren txapela lortuko du gaur, Eneko Acero gainditzen badu.

IA PERFEKTUA

Euskaldunen lana alde batera utzita, eguneko albiste nagusia Royden Brison hegoafrikarrak lortutako puntuazioa izan zen. 20tik 19,37 puntu bildu zituen eta 10eko olatu bat hartu zuen. Damien Hobgood bere aurkaria kanpoan gelditu zen, guztira 17,26 puntu batu arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo