GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

«Nahiko indar dago ilegalizazio asmo bati aurre egiteko»

p004_f03.jpg

Xabi Larralde
Batasuneko eleduna

Polizia frantsesak bera eta Batasuneko beste hamairu kide atxilotu zituenetik aste bat igaro denean, Xabi Larraldek elkarrizketa eskeini dio Kazeta.info hedabide sortu berriari. Maite Ubiria kazetariaren galderei erantzunez, eledun abertzaleak nabarmendu du Estatu frantsesak Batasuna «joko politikotik kanpo uzteko prozedura irekia duela». Honi aurre egiteko, dena den, sobera indar badagoela irizten dio. Orrialde honetan, elkarrizketako pasarte nagusiak.

Maite UBIRIA |

Egunak pasa ahala zeintzuk dira polizia operazioaren karira zure barnean nagusitzen diren gogoeta eta sentipenak?

Lehenengo gogoeta da Estatu frantsesak jada pentsatzen genuen bidea irekia duela. Hau da, Batasuna joko politikotik kanpo uzteko prozedura irekia duela. Lehenengo gogoeta horretatik bigarren batera abiatu behar gira derrigorrez. Hau da, kalean jendeak eman duen erantzunak adierazten du lasaitasun punttu bat sentitu ahal dugula Estatuaren jokabidearen aurrean, agerian geratu baita herrian nahiko indar dagoela, sobera ere, balizko ilegalizazio edo, zuzenago mintzatuz, Batasuna elkartearen disoluzio egoera bati buru egiteko eta, ondorioz, gure lana aitzina segitzeko.

Egoitzan oraindik ere zeuk gertutik bizi zenuen miaketa zorrotzaren aztarna ugari dira. Zein dira zailtasun nagusiak, eguneko lanari berriz ekiteko?

Oraino lan tresna anitz falta da: ordenagailuak eraman dituzte, eta militanteei beren agendak eta lan politikoa egiteko ezinbestekoak diren kontaktuak lapurtu dizkiete.

Baionako manifestazioaren ondorengo mintzaldian Estatu frantsesean indarrean den estatu ereduaren krisia aipagai izan zenuen. Eskertuko nizuke sakonago azaltzea hori.

Ez da posible XXI. mendean estatu eredu zaharkitu honek segitzea, hiritarrentzat premiazkoak diren zerbitzuak eta obrak diruztatzeko gai ez dena, zentralismoaren logikak edozein egitasmo gauzatu ahal izateko lan pisuzkoa bilakatzen duelako. Estatuak ez du gaitasunik hiritarren beharrei behar den bezala erantzuteko.

Polizia operazioak hautsak harrotu ditu. Elkartasuna kalean azaldu da eta ezker-eskuin horren kontrako iritzi ugari azaldu dira... nola lan egingo duzue indar biltze hori sendotzeko?.

Barrura begira, militantziaren eskutik gure lerro politiko nagusiak trinkotzen ari dira, eta horri erantzuten dio larunbat huntan Ustaritzen eginen dugun biltzar nagusiak, eta, mugimendu abertzaleari begira, nik esango nuke maleruski PEDAGOGIA franko ari dela gertatzen azkenaldi huntan. Besteak beste, Laborantza Ganberaren aurkako prozedura judiziala, «Kalaka» auzia... Hots, bistan da gaur Batasuna dela baina beste zerbait izan daitekeela... Eta argi dago ere Estatua edozer egiteko prest dagoela herri honen etorkizuna baldintzatzeko, edota Euskal Herria Bai bezalako lan esparru komunek lortzen dituzten emaitzak eta sortzen dituzten aukera berriak zapuzteko.

Iraganeko auziak ixteko lagungarri izan daiteke hau guztia?

Nire ustez, jende askok, eta ez soilik abertzaleok, gertatzen ari diren gauzak ez ditu onartzen, sentitzen duelako horrek elkarbizitzaren haustura bat ekar dezakeela... Kezka orokor horretan kokatzen dira Max Brisson bezalako politikariek eginiko adierazpenak... Galderari erantzunez, jada abiatu gara eragile guziekin interlokuzio fasea irekitzera, uste baitugu gure aurkako operazioa oso une zehatz batean gertatu dela.

Zure ustez Estatu frantsesaren jokabidearen aurkako iritzi kritikoa zabalduz doa?

Kasualitatea izan ala ez, Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordearen aholkuari jarraituz, Human Rigths Word-ek gutun bat igorri dio aste huntan Gobernu frantsesari bere «terrorismoaren aurkako legedia» aldatzeko eskatuz. Bestalde, Euskal Herriko Giza Eskubideen Ligak euroagindua kritikatu du...

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo