GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Eraso sexistei aurre egiteko deia egin du Bilgune Feministak

p019_f01_111x111.jpg

GARA |

Uda garaian hainbat herri eta auzotan gertatutako eraso sexistak salatu nahi izan zituen atzo arratsaldean Euskal Herriko Bilgune Feministak Arrasaten, hain zuzen, elkarretaratzea eginez Maritxu Kajoi jaia bete-betean ospatzen ari zen herrian.

Emakumeen kontrako indarkeria ez dela gauza berria gogora ekarri zuten: «Sexuen arteko botere harremanaren ondorioz, emakumeen independentzia eta integritatea urratua izan da behin eta berriz».

Hain zuzen, zehazki jaietan gertatzen diren eraso sexistei aurre egiteko asmoarekin Bilgune Feministak uda honen hasieran kanpaina bat jarri zuen abian, hainbat proposamen mahaiaren gainean jarrita. Baina, emakumeenganako indarkeriari amaiera ematea, oro har, gizarteak ozenki egindako eskaera dela uste duten arren, «gutxi dira aurrerapausoak eta beste behin agerian geratu da neurri eta prebentzio kanpaina eraginkorren falta».

Beraien iritziz, instituzioek «beren konpromiso politikoa behin eta berriro adierazten badute ere, errealitateak erakusten du ez dutela gaiarekiko benetako ardura eta erantzukizunik». Horregatik, «itxurakeria eta zurikeria» alboratu, eta benetako konpromiso har dezatela eskatu zien.

Elkarretaratzean parte hartu zuten emakumeak prest agertu ziren autodefentsaren bidez eta euren arteko elkartasunean emakumeen eskubideen alde borroka egiteko:

Horrekin batera, jarrera erasokorrak gaitzestea eta erasotzaileak baztertzea funtsezkoa dela gaineratu zuten, halakoak «onartezinak» direla garbi adierazteko moduan.

Izan ere, indarkeria sexistari aurre egitea guztien ardura dela nabarmendu zuten eta, hein horretan, «jai batzordeek eta gizarte osoak indarkeria sexistari aurre egiteko konpromisoak hartzeko» lanean jarraitu beharra dagoela ohartarazi zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo