GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA | Kilometroak 2008 hemen da

Gaurko jaia lagungarri izango da Irurako ikastola berria ordaintzeko

Ikasturte hasieran ohiko izaten dira ikasleen kexuak. Irurako ikastolakoek ordea, gogo biziz eman zioten hasiera ikasturteari. Eraikin berria estreinatu dute.

p024_f02_15607.jpg

Janire ARRONDO

«Badirudi ez dutela sekula aterik ikusi», esan du Irurako ikastolako zuzendari Josune Aiestaranek haurrek ikastolara sartzeko duten ezinegona ikusita. Ikasleen poza dirua balitz, eraikina ordaindua zuten dagoeneko. Irurako haur kopurua dela eta, hurrengo urteetan leku gehiagoren beharrean egongo direla aurreikusita, ikastola berriak 150 ikasle arte jaso ahal izango ditu. Oraindik, berri usaina dario eraikinari, eta gaur festa giro bikaina edukiko dute bertan.

Guraso zein irakasleek, argi zuten ikastolaren eraikin berriak leku zabala izan behar zuela, gela handi eta argitsuekin. Bi solairutan banatuta, 1.500 metro karratu inguru ditu eraikin berriak eta lekua ahalik eta ondoen aprobetxatu dute. Gaurko Kilometroak egunean bildutakoarekin, eraikitzeko lanen kostuaren zati bat ordainduko dute.

Kanpotik ikusita, itxura dotorea du eraikinak, gainera, urrutitik ikusten da, handi-handian idatzita, kolore gorriz eta beltzez, «Irurako ikastola» dioen errotulua. Hala ere, eraikinaren kanpoaldean jolaserako aukera paregabea eskaintzen duen aterpearen zutabe koloretsuek ziurtatzen digute aurrean duguna ikastola dela. Barrutik, berriz, lekua soberan duen eraikin argitsua da ikastola berria.

Beheko solairuan, idazkaritza, zuzendaritza eta liburutegia daude, eta orain arte izan ez duten berrikuntza bat ere bai: irakasle gela. Beste gela batzuren artean, atentzio gehien ematen duena, 100 metro karratuko areto handia da. Denetariko jardueretarako erabiltzeko aretoa, behar izanez gero, baita herriko ekintzetarako ere. Gainera, hiru zatitan banatzeko aukera dago, betiere, beharretara egokitu ahal izateko. Bigarren solairuan dago informatika gela, baita ikasgelak ere, bakoitzean 25 ikasle hartzeko lekua dagoela.

Koloreak apaingarri

Ikasgeletako barrualdeko hormak orlegi apalez margotuta daude. Josune Aiestaranek azaldu zuenez, «berdeak lanerako gogoa pizten laguntzen duela diotelako». Era berean, laguntza bereziko bi geletako hormak, kolore biziagoz margotu dituzte, ikasleengan motibazioa pizteko. Idazkaritzako eta zuzendaritzako hormak, aldiz, lila kolorekoak dira, eta horrek lasaitasun kutsua ematen dio lan eremuari.

Ateen koloreak ere ez daude edonola aukeratuak, koloreen bidez baitaude aretoak sailkatuta. Kolore laranja, horia, urdina... ez dira falta.

Erosotasun ugari

Ikastola berria eraiki baino lehenago, herriko hainbat lekutan barreiatuta egon ziren ikasleak. Haurrak non sartu ez zutelako, plazan bertan barrakoiak jartzera ere iritsi ziren. Beste batzuek herriko ludoteka izan zuten ikasgela moduan. Ikasleak goizetan bertara joaten zirenean, ludotekarako erabiltzen ziren mahai eta gainontzekoak erretiratu egin behar izaten zituzten, eta beraien mahaiak atera. Arratsaldean, egunaren amaieran, gauza bera, baina alderantziz. Ikastola berrian dituzten erosotasunak, ez daude aurrekoekin alderatzerik.

Orain, eraikin berriko mahai eta aulki guztiak berdinak dira. Gainontzeko ikastoletakoen parekoak, eta «horrekin konparaketak egitea baztertzen dugu» esan du Aiestaranek. Ikasgeletan esaterako, egurrezko mahaiak eta aulkiak dituzte, denetan berdinak. Gainera, leku batetik bestera ikasleen eta gurasoen artean eraman zituzten gauzak, eta horrek «beraienak direla sentiarazten die, beraz, hobeto zaintzen dituzte», gaineratu zuzendariak.

Era berean, oraindik erabat antolatuak ez badituzte ere, ikasleen artean garbiketa txandak egiten dituzte. Ikastola berria estreinatzeak ematen dien pozarekin batera, «beraiek garbitzen badute, bi aldiz pentsatuko dute zikintzerakoan». Horrek guztiak, «ikastolako parte direla pentsarazten die ikasleei», adierazi du zuzendariak.

Gaurko Kilometroak jaiko leloak zioen bezala, hurrengo erronka «eraikitzen» jarraitzea izango da. Izan ere, eraikin berriaren aurrealdean libre geratu den orubean jangela eta idazkaritza, eta zuzendaritzako zerbitzuak jartzea pentsatu dute. Jaia prestatzeko lanetan buru-belarri urtebete eman badute ere, badirudi ez zaiela lanerako indarrik amaitu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo