GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Fito Rodriguez Bornaetxea Euskal Idazleen Elkarteko lehendakaria

Andolinen diatribak eta Gotzonen atsotitzak

Gotzonek marxismoaz plazaratu zituen bere saiakerak, baina ikerketak, aldiz, ahozko literaturan finkatu zituen urteetan herri euskararako benetako altxorra herentzian utziaz

Gure idazkiak sinatzeko Fito, Pako edo Joanito izenak erabiltzea ez zuen batere gogoko Andolin Eguzkitza zenak, eta errieta egin zigun publikoki astero eskaintzen zuen egunkariaren zutabetik. Profeta estagiritaren antzera, hizkuntza jasoa nahi zuen berak euskal literaturarako eta, ustez, gure letren esparruan ezizenen erabilera zabalak kaltetzen omen zuen berez irabazi beharreko prestigioa. Hori sinestu eta defendatzen zuen jendaurrean. Haren fedeei eutsi, bada, haiei lotu eta jagon.

Horregatik, profetaz gain, pro-fesorea izan genuen Andolin, haren xextrak, filipikak eta guzti.

Fedea zuen Gotzonek zutabetzat. Besteak beste, Euskal Herriarengan sinesten zuen behintzat. Eta hark lagundu dio, ziur aski, azken une latz hauetan.

Andonik nahiz Gotzonek ezagututako frankismoaren goibela bezalako koronel golpisten Grezian Yorgos Seferis poetak Konstantinos Tsatsosen filosofoaren aurka idatzi zituen bere diatribak. Eta, Seferisen moduan, Literaturako Nobel saria lortu zuen Elytisek ere ezbaia hartu zuten hizkuntzaren prestigioarena.

-Zein behar du izan hizkuntza literarioaren hautua, herriaren mintzaira xehea edo klasikoen eredu zaharra?

Orain zendutako Gotzon Garatek, esaterako, «nobela beltza» idazteari ekin zion jende arruntaren estetikatik ahalik eta hurbilen egotearren.

-Eta literatura bera, lurrari atxikiturik garatu beharra dago edo, ideien antza, unibertsala eta nonahikoa dugu berez?

Gotzonek marxismoaz plazaratu zituen bere saiakerak, baina ikerketak, aldiz, ahozko literaturan finkatu zituen urteetan herri euskararako benetako altxorra herentzian utziaz.

Ardatz dialektiko hauetan, esanean nahiz kontraesanean murgildurik, ezagutu genituen Gotzon eta Andolin, idazleak eta euskal irakasleak edota ikerleak baino gehiago, euskararen maitaleak.

«Egiozu otoitz bidea luzea izan dadin./ Anitz udagoiz izan dadin,/ zeinetan zein plazerrez, zein zoriontasunez/ helduko baitzara aldez aurretik amesturiko portuetara».

Konstantinos Kavafisek ez zuen bere burua greziartzat jotzen, unibertso helenikoaren partaidetzat baizik. Ithaka bila aritu zen argonauten eskifaikidea balitz bezala, Alexandria aldatuz zihoala konturatzeke, lurra, ura bezain beste, higituz doala jakin gabe. Eta horrela, Egiptoko Alexandria hura arabieraz hasi zen hizketan grekoa galtzen zuen hein berean. Nasseren panarabismoaren eraginez, bere sorreratik aurreko mendearen bitartean heleniarra zen hiriaren biztanleriatik askok erbesterako bidea hartu behar izan baitzuen, ez soilik greziar jatorrizkoak, armeniar zein juduak ere alde egin behar zutelako Hiri Heleniko hartatik... eta jadanik Georges Moustakiren baladak ez dira hango tabernetan entzungai.

Hizkuntzak lurra behar duelako, ideiek eta literaturak bezain beste bederen, galdu zen betiko Alexandria betiko.

«Zeure adimenduan ukan ezazu Ithaka beti./ Horrainoko etorrera da zure jomuga».

Baina Andolin versus Gotzonen balizko esanak eta kontraesanak, beren dialektikak irauten du beraiek jomugaraino joan izan arren.

Herioa ernetzea bezain gurea baita, ez dugu, beraz, haien hutsuneak eragindakoagatik Ithakarako bidaia bertan behera utziko eta beren diatriba nahiz ohiko herri jakintzari segida emango diegulakoan zin dagigu.

Katea ez da eten.

Gure hizkuntza duintzeko bidean literaturak berea eman badu ere, ahozkoa barne, euskara lehorreratzeko sasoian dagoen honetan ezin zaio beharrari muzin egin. Eta euskal letrak munduratu behar badira ere (onartuko lukete Andolinek edota Gotzonek Etxepare bezalako erakunderik euskal idazleen elkartearen partaidetzarik gabe?). Euskal Herria euskararik gabe ezin dela ulertu ahalik eta ozenen berresan beharra dago.

«Ithakak bidaia eder bat eman zizun./ Bera gabe ez zinatekeen abiatu./ Baina ez dauka deus besterik zuri emateko./ Eta pobrea edireten baduzu, Ithakak ez zintuen engainatu./ Bilakatu zaren jakintsua, hainbeste esperientziarekin/ Ulertu dukezu Ithakek zer erran nahi duten».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo