GARA > Idatzia > > Ekonomia

Eraikuntza sektoreko beste enpresa bat salatu du ELAk

GARA |

ELAk beste salaketa bat aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako Lan Ikuskaritzan. Donostiako Zuatzu enpresa parkean eraikitzen ari diren hiru eraikinen arduradun Helder&Pedro Sousa (HPS) Construçao e Engenharia Civil, Lda. enpresa portugaldarra salatu zuen sindikatuak, enpresa horrek ez duelako betetzen lurraldean indarrean dagoen eraikuntzaren hitzarmena.

ELAk adierazitakoaren arabera, «bai soldatak, bai Gizarte Segurantzako kotizazioak behar luketena baino txikiagoak dira», eta, gaineratu zuenez, «langileek jasotzen duten soldata ez dator bat beraien nominan agertzen den zenbatekoarekin».

Bestalde, sindikatuak jasotako datuei helduta, «aipatutako obran langileak oso jardunaldi luzeak eta gogorrak egiten ari dira -egunean gutxienez hamar ordu, larunbatetan ere lan eginez-, eta lan-istripua gertatzeko arrazoia izan daiteke hori».

Azpikontratazio handia

Ildo beretik, ELAk jakinarazi zuenez, «lanordu guztiak ez dituzte Gizarte Segurantzan behar bezala kotizatzen».

Azaldutako arrazoi horiez gain, besterik ere bada: «Teorikoki adjudikazioa duen enpresa nagusiko langileek egin beharko luketen lana betetzeko, azpikontratatutako langile ugari dago». ELAk azaldutakoaren arabera, kasu honetan, zehazki, enpresa hori Construcciones Galdiano eta Construcciones Amenabar sozietateek osatutako aldi baterako enpresa elkartea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo