GARA > Idatzia > > Kultura

Zortzi egunez erotismoa izango da protagonista Bilbon, poesia errezitaldi eta solasaldien bidez

Astelehenean hasiko den poesia astean, sentsualitatea ardatz hartuta, hogei bat poetek errezitaldiak eskainiko dituzte. Gainera, Gabriel Arestiren Eguna ospatuko dute, jaio zeneko 75. urteurrenarekin bat eginez.

GARA | BILBO

Urriaren 13tik 20ra bitartean, Bilbok astebete eskainiko dio poesiari. Aurtengo edizioko errezitaldi eta solasaldiek sentsualitatea izango dute ardatz.

Horietan, Euskal Herriko eta Estatu espainoleko hogei bat poetek parte hartuko dute. Hala, Antonio Gala edo Pere Gimferrer (Sofia Erregina Poesia Sariaren irabazlea) bezalako idazle beteranoak, Juan Antonio Gonzalez Iglesias (Loewe Sariaren azken irabazlea) bezalako gazteen ondoan azalduko dira. Besteak beste, Galak bere poema erotikoez osatutako «Gala de Amor» izenburuko antologiaren irakurketa egingo du hilaren 16an, udal liburutegian. Asteari bukaera emateko, berriz, Gimferrek «Tornado» izeneko liburua aurkeztuko du, Jose Fernandez de la Sota bilbotarra alboan izango duelarik.

Ekitaldirik gehienak Bidebarrieta liburutegian eta Areatzan egingo dira, eta, azken honetan poesia irakurtzeaz gain, kutsu erotikoko koadro eta poemak biltzen dituzten panel handiak jarriko dituzte ikusgai.

Gabriel Aresti oroituz

Aurreko edizioetan legez, aurten ere Aresti poeta euskaldunaren omenezko eguna ospatuko da. Urriaren 14an, 11:30ean Bilboko alkate Iñaki Azkunak oroimenezko plaka jarriko du poetaren jaiotetxean, eta haren poema batzuk ere irakurriko dituzte.

Arratsaldean, berriz, «Aresti gaztea»ri buruzko poesia errezitaldia egingo dute. Bertan Uxue Alberdi bertsolari eta idazleak, Igor Estankona idazleak, Hedoi Etxarte poeta eta musikariak eta Erika Lagoma bertsolariak parte hartuko dute.

Bestalde, errezitaldiez gain, musikak izango du egitarauan lekurik. Hilaren 17an, esaterako, hip hop kontzertua emango du Bartzelonako Sólo los Solo bikoteak. Hilaren 19an, berriz, Nazioarteko olerki erotikoen irakurraldiarekin batera, Four Friends taldearen musika aditzeko aukera izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo