GARA > Idatzia > Kirolak > Saskibaloia

Emakumeen Ligako goi mailan jarraitzeko aurkari zaila du Hondarribia-Irunek Ibizan

GARA | HONDARRIBIA

Liga hasiera ezin hobea egiten ari da Joan Albert Cuadraten Hondarribia-Irun berria. Celtari eta Estudiantesi irabazi ostean, Ibizako EBE Promociones PDV Santa Eulaliaren aurka jokatuko du talde gipuzkoarrak 19.00etatik aurrera.

Rivas, Ros Casares eta Olesa Espanyolekin batera, talde hondarribiarra da lehenengo bi jardunaldietan garaipenak lortu dituen bakarra da. Bestalde, Balear Uharteetako taldeak aurreneko bi partidak galdu dituela kontuan izanda ez dirudi euskaldunentzat plaza zaila denik. Alabaina, Cuadraten neskek oker egingo lukete larregi fidatuz gero. Egia da lehenengo jardunaldian Zaragozako Mann Filterren aurka ezustean galdu zutela, baina asteon neurketa gogorra jokatu behar izan dute, Rivas Ecopolis eraberrituaren aurka. Hala, ezin izan diote iazko martxa onari eutsi.

Izan ere, iazko denboraldiko sorpresa izan zen gipuzkoarren gaurko aurkaria. Ezustean ligako hirugarren postuan amaitu zuen, Ros Casares eta Perfumerias Avenida erraldoien atzetik eta, beraz, aurten Eurocup-ean lehiatuko dira. Hala, 2008/09 denboraldirako oso talde ona lotu dute; Alicia Lopez, Sandra Pirsic edo Silvia Morales dira jokalari arriskutsuenak.

Ester Farre gabe

Hondarribia-Irun atzo iritsi zen Ibizara eta Santa Eulalia udal kiroldegian entrenatzerik izan zuten. Joal Albert Cuadratek talde osoa eraman du berarekin, Ester Farre izan ezik, sorbaldako lesioa osatzeko hiru astez atseden hartzeko agindu baitiote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo