GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Desafioa

Patxi Mindegiaren eta Arria V.aren arteko apustua azkenean ez da jokatuko

p037_f02.jpg

J.L. | DONOSTIA

Azkenean Patxi Mindegiaren eta Arria V.aren artean ez da apusturik jokatuko. Mindegia gazteak atzo baieztatu zuen hori. Nafarrak zenbait arazo fisiko ditu, eta jokatzeko moduan ez dagoela iritzi dio.

Zurrumurru asko sortu dira azkenaldian apustu honen inguruan. Azkenean ez zela jokatuko esaten zuten askok, eta azkenean horrelaxe gertatu da.

Patxik aditzera eman zuenez, ezin du lanean ongi aritu. Nekea nabari du, eta indarrik gabe geratzen omen da. Hori dela-eta, hainbat osasun azterketa egin ditu eta, antza denez, sabelean heste-zizareak aurkitu dizkiote, eta horrek indarrik gabe uzten omen du.

Arazo hori sendatu bitartean, sendagileek atseden hartzeko eskatu diote Mindegiari, eta tratamendua ere jarriko diote. Horrenbestez, abenduaren 14an jokatu behar zuen apustua ez du jokatuko. Beraz, pentsatzekoa da, seinaleak Arriak eramango dituela.

Apustu gogorra zuten sinatuta bi aizkolari gazteek. Izan ere, bakoitzak 20 kana-erdiko moztu behar zituen. Zaleak, duela urte batzuk, apustu hau ikusteko irrikaz egon ziren, baina hamar bat urte beranduago heldu da. Azkenean, ordea, berriro ere desafioa ikusi gabe geratu beharko dute zaleek.

Mindegiak ez du zorte handirik izan. Aurreko apustua Juan Manuel Erasunen aurka jokatu behar zuen, baina orduan ere min hartu zuen, eta ezin izan zuen jokatu. Oraingoan ere arazo fisikoak tarteko, ezin izango ditu bere indarrak Arria gaztearen aurka neurtu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo