GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Errusiar panpinak ala jatekoak?

Ez da niretzat afiziorik atseginena, baina goseak jota hil edota zikinak hartuta ito nahi ez bada, ezinbestekoa da erosketak egitea. Horretan asko aldatu dira ohiturak. Baten batzuk, gero eta gutxiago, saskia edota karroa hartuta, oraindik dendaz denda joaten dira erosketak egitera. Honetan barazkiak, beste horretan arraina, hemen merkexeago izaten da fruta... Kontzientziaz eginiko erosketa, alajaina.

Errazagoa da beste askoren ohitura. Merkataritza zentro handira joan, eta behar dena, eta behar ez dena ere bai, sarritan, leku eta momentu berean etxeratzea, karroa goraino beteta. Asti gutxi, ohitura falta eta, zergatik ez, ezjakintasun handia ere bai.

Egun hauetan horren ximur dagoen poltsikoan ere bai akaso, baina, batez ere, zabor ontzian du eragina erosketa ohitura makal honek. Batetik, erositako guztia jateko zakurik ez dugulako, baina, batez ere, gisa honetako zentroetan dena dagoelako bildua, etiketatua, paketatua eta nahi beste adornu eta alperrikakoez josia. Tomateak launaka saltzen dira, bandejatxoa, biltzeko plastikoa eta noski alea bera apaintzen duen etiketa eta guztirekin; azenarioak ere beste hainbeste, letxuga, urdaiazpikoa... Hainbat marka, gainera, tematuak daude gero eta ontzi txikiagoak egiten, norbanakoentzako produktu indibidual eta esklusiboak balira bezala; ez baitzait buruan sartzen marka handiek erositakoa alperrik galduko zaigula pentsatuta hartzen dituztela erabakiok. Horrelakoetan poltsikoak agintzen du eta, noski, ez gureak.

Pasa den astean erosketak egitera joan eta han topatu nuen tomate marka ezagun baten azken berritasuna, brikean aurkezten dute produktua, baina hori bai, pakete txiki-txikietan, eta, noski, horrekin asetuko ez garenez, bada, hirunaka saltzen dituzte plastikoz bilduta, «moñoño-moñono».

Zaborraren arazoa, birziklatzearen beharra... Halabeharrez pisua hartu duten gaiak dira, baina noizbait jarri al gara pentsatzen, zertarako horiek guztiak, gero eta produktu txiki ponpoxo eta bilduagoak erosten jarraitzen badugu?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo