GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

AC/DCren diskoa: rock'n roll gogorraren maitaleek itxaropenari euts diezaiokete

Young anaien banda, AC/DC, bueltan dator disko berri batekin, zortzi urtez isilean egon ondoren eta aurreko diskoak utzitako aho zapore txarra ezabatzeko asmoz. Pablo Cabezak, GARAko musika adituak, «Black Ice» argitara eman aurretik entzuteko aukera izan du eta kultura ataleko orrialdeetan lan horren bertuteak eta bizioak azaltzen ditu.

Australiarren bertuteak ezagunak dira: ereserkiak bihurtuko diren abestiak sortzeko gaitasuna eta soinu berezi bezain ezagungarria. Bizioak ere hari beretik tiraka datoz: ezagunak egin dituen hori behin eta berriz errepikatzeko joera nekagarria. Halere, disko berriak hainbat abesti gogoangarri biltzen dituela aurreikus daiteke. Gainera, 2009an egingo duten biran Bartzelona, Madril eta Parisen izango dira.

Bestetik, Atarrabiako zinegotzi ballbreaker bat, zilegitasun eza estaltzeko, ergelkeria eta Iron Maiden maindire gisa erabiltzen ari denean, akaso, demokraziaren oinarrizko arauak errespeta ditzatela eskatzen duten herritarrek eta hautetsiek 1989an yankiek Noriega Panamatik ateratzeko erabili zuten terapia erabil dezakete: udaletxeen aurrean bafleak piztu eta egurra! «You Shook Me All Night Long»...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo