GARA > Idatzia > > Kultura

Aipagarriak

Murua: «Gure jarduna Villabonatik mundura egin nahi dugu»

Bertsoz busti zen atzo arratsean Villabona. Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza berriaren irekiera ofizialak bertsozale guztiak bildu zituen. Euria zela-eta aurrez zehaztutakoa bertan behera geratu bazen ere, inprobisazioaren maisuek ederki eman zioten amaiera irribarrez jositako ekitaldiari Mintzolan (egoitzaren etorkizuneko izena).

Odeia AIESTARAN | VILLABONA

«Lantoki bat luxuzkoa izaterik bada, hauxe da adibidea», Iñaki Muruak, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kideak, esandakoak dira; nabaria zen bere poza, egoitzari begiratu eta «ederra benetan» errepikatzeaz ez zen nonbait nekatzen. Ezta atzo arratsaldean Villabonara gerturatutakoak ere, bertsozaleak, bertsolariak, herritarrak... denen ahoan irribarrea nagusitu zen. Eraikinera gerturatu zen gizon batek, adibidez, lehenago bertan zegoen oihal lantokia ere ekarri zuen gogora; 1962an bertan lanean hasi zeneko unea. Urteak aurrera egin ahala eraikina egoera txarrean zegoela-eta pozik ikusi du proiektu berria. Zaharberritzeko premia, hori da Muruak azpimarratu nahi izan duena. Bere hitzetan, eraikinak aldaketa hau behar zuen, «gu ez baikara hiri handietan jartzen, gure jarduna Villabonatik mundura egin nahi dugu».

Jaiari hasiera emateko bertsolari gazteek herriko kaleetan zehar erronda egin zuten, izkina guztiak bisitatu eta kalean bertsotan aritu ziren Aitor Mendiluze, Ainhoa Agirreazaldegi, Julen Zelaieta, Irazu, Unai Iturriaga, Oihane Perea eta Iñaki Apalategi. Denborak aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago gerturatu zen horien ingurura, Kale Nagusiko bi espaloiak lepo bete arte. Umorerako tarterik ere ez zen falta izan. Azken bertsoaldian Apalategik, Pereak eta Iturriagak boteredunak sentitzeko helburuarekin edo, jende arteko multzoaren erditik oinez ibiltzen jardun baitzuten.

Imanol Muruak esan bezala, ondoren «etxeari ongi etorri egiteko, beteranoek» hartu zuten mikrofonoa. Bertsoaldia atarian egin behar bazuten ere, euriak zapuztu egin zuen eta beraz, eraikin barruan aritu ziren bertsotan. Orain Subijana izena duen etxean Joxe Agirre eta Imanol Lazkano izan ziren lehenak eta Xabier Amurizari egokitu zitzaion ondoren, Subijana etxeari jarritako bertsoekin. Villabonako alkatearen eta Murua beraren agurrekin bukatu zen jaia.

Bestalde, eraikinarekin «asko irabazi» dutela azpimarratu zuen Imanol Muruak, eskaintza, espazioa, erosotasuna... azken batean, «lanerako baldintza hobeak izango ditugu». Izan ere, Mintzolak lau solairu ditu, eta horietan aretoa, bilera gela, Xenpelar Zentroa eta liburutegia biltzen ditu. Aritz Zerain Bertsozale Elkarteko kideak egunkari honi adierazi dion moduan, argitasunez betea, transmisioa, sustapena eta ikerketa bultzatzea ederki bideratzen duen espazioa da, finean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo